Nafarroako Kantu Txapelketako zenbait sari Baztan, Leitza eta Berara

ttipi-ttapa 2009ko abenduaren 15a

Finala Elizondon jokatu zen

Bi kanporaketa eta finala jokatu ondotik, aurtengo Nafarroako Kantu Txapelketak ere eman du berea. Finala azaroaren 21ean jokatu zen Elizondoko Lur dantzalekuan, eta banaka, bikoteka edo taldean aurketu ziren 22 kantarien artean hainbat sari banatu ziren.
Sariei dagokienez, sormenezko kanten lehenbiziko saria Auritzberriko Ainara Villanueva eta Edurne Errearentzat izan zen eta bigarrena, berriz, Arangurengo Maite Menerentzat.  Era modernoan kantatu zutenen artean, lehenbiziko saria Caliu-Hrentzat izan zen, Lekarozko Marta Perez abeslariarentzat, hain zuzen. Ezeren truke abestia kantatu zuen Pedro Planillo gitarjolearen laguntzarekin. Bigarren postua Zizur Nagusiko Zuriñe Hidalgorentzat izan zen, eta hirugarrena Nahia Barriola leitzarrarentzat. Mikel Urdangarinen Egun argian kantatu zuen, Oihane Calderon gitarran, Garikoitz Etxeberria Djenbearekin eta Zuriñe Goikoetxea pianoan lagun zituela.
Sari bereziak ere banatu ziren eta tartean bat eskualdera etorri zen: Berako Uxua Andueza eta Alkozko Amaia Oiartzun bikoteak talde lan onagatik hartu zuten saria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun