Arkupeak Erretiratuen Elkarteak urte akabilako besta egin zuen azaroaren 21ean Donezteben eta urteko balantzea egiteko eta heldu den urterako ekitaldien berri emateko ere aprobetxatu zuen. Ekitaldietan, bertzeak bertze, Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak, eta Maria Isabel Garcia Malo Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak eta Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariek parte hartu zuten.
Eguneko egitaraua Juan Antoni Aznarez, Ramon Apezetxea, Basilio Sarobe, Iñaki Lerga, Inaxio Azkoaga, Jesus Mari Sotil eta Mikel Biain apaizek emandako mezarekin hasi zen. Urtero bezala, hildako bazkide eta lagunen omenez egin zen meza eta bereziki gogoan izan zuten martxoan hil zen Jesus Goldaraz apaiza. Joxe Oronoz Arkupeak elkarteko diruzainak eta Eusebio Maritorena presidenteordeak lore-sorta eta Goldarazen sortetxearen argazkia eskaini zieten Juani bere arrebari eta Bittori eta Kontxi Zenoz bere ilobei. Bittor Elizagoien eta Pakita Mikelarena bertsolariek ere gogoan eduki zuten Goldaraz. Goizeko ospakizunetan izan zen Felipe Ganboa Arkupeak Elkarteko presidentea ere, berriki ospitaletik atera baita.
600 lagun bazkarian
Segidan, 600 bat lagun bildu ziren kiroldegian egin zen bazkarian. Kadereitako Marisol jatetxeak eskainitako bazkalondoan, sariak zozketatu ziren, opariak banatu eta dantzaldia izan zen Jalisko Band taldearekin.