Dirulaguntzarik gabe gelditu dira Nafarroako euskarazko hedabideak. Izan ere, urtea akautzear dago eta Gobernuak ez du deialdirik egin. Xabier Azanza Euskarabideako zuzendariak ere, kontua «oso beltz» dagoela iritzi dio. «Epez hain estu ibilita oso beltza ikusten dut». Hala adierazi zuen azaroaren 24an Xorroxin Irratiari emandako elkarrizketan. Deialdirik gabe, iazko aurrekontuetan gordetako 9.567 euroak ere kolokan egon litezke.
Ordura bitarte, deialdia aterako zela errana zuen hainbatetan Azanzak. Berak ere horrela aitortu zuen Xorroxinen. Dirulaguntza deialdia egiteko «behar den Gobernu Akordioa sinatuko zela erran dugu. Eta gaur [azaroak 24] jakin dut atzoko Gobernu saioan ez zutela onartu dirulaguntza ateratzeko behar zen akordioa. Zergatik ez zen onartu oraindik ez dakidala aitortu behar dut». Beraz, nahiz eta 1986ko Euskararen Legeak laguntza material eta ekonomikoak bideratuz euskararen presentzia hedabideetan sustatzera behartzen duen Gobernua, euskarazko hedabideak ez dituzte iragarritako 240.000 euroak hartuko.
240.000 euro horiek bertze zerbaitetan inbertituko ditu Hezkuntza Sailak: «ikastetxe edo haurtzaindegiren batean... obrak egiteko behar omen ditu eta hori lehenetsiko dute», salatu du Topaguneak. Arrazoi horri «aitzakia» usaina somatu dio: «hau guztia ez da erabaki teknikoa, erabaki guztiz politikoa baizik, xede garbia duena: euskal komunikabideak guttiestea, euren langile eta ordezkariak mespretxatuz, Nafarroako euskal komunitatea bertze behin ere iraintzea bilatzen duena, bide batez, legez ezarrita duten betebeharrari muzin eginez».
URTE OSOA BUELTAKA
2008ko abenduan Parlamentuak 2009ko aurrekontuak onartu zituen, eta hedabide guztientzako 9.567 euro aurreikusi ziren –2008an baino %96,7 guttiago–. Euskarabidearen aurrekontuan %25eko murrizketa egin zen, baina goi karguen diru-sarietarako gehiago bideratu zen.
2009ko urtarrilean, Carlos Perez Nievas Hezkuntza kontseilari izandakoak eta Xabier Azanzak diru gehiago lortuko zutela adierazi zuten. Eta uztailean, Azanzak 240.000 euro lortu zirela erran zuen. Baina irailean berriz ere blokeatuak gelditu ziren. Hilabete horretan, UPNk CDNrekin zuen gobernu akordioa hautsi zuenean, Topaguneak dirulaguntzen deialdia lehenbailehen egiteko eskatu zion Azanzari. Baina honek ez zuen garaiz argitaratu.
2009ko azaroaren 24ra arte, Euskarabideako zuzendariak laguntza deialdia eginen zela errepikatu zuen, baina egun horretan bertzelakoa aipatu zuen: «urtea bukatzen ari da eta oso gaizki gaude», adierazi zuen. Gisa honetara, Topagunearen ustez, «ezerezean gelditu da, Euskarabideak eta Hezkuntza Departamentuak urte osoan, eta uztailean bereziki, emandako hitza».
Telebista digitalentzat hiru milioi euro
Gobernuak 3.000.000 euro banatu ditu aurten euskaraz emititzen ez duten Nafarroako hiru telebisten artean. Television Popular de Navarra (892.335,52 euro), Canal 6 (1.207.129,07 euro) eta Canal 4 (898.473 euro).
Eskaera zehatza
Egoera ikusita, eskaera zehatza egin die Topaguneak PSN, NaBai, EB, CDN eta UPNri: «datorren urterako aurrekontuetan euskarazko hedabideok aurten jasan dugun kolpe latz hau neurri batean behintzat konpentsatu eta aurrekontuan ezarritako 250.000 euroko partidaz gain, uztailean hitz emandako bertze 240.000ak gorde ditzatela helburu horretarako».
Horrekin batera, agerian utzi nahi izan du prest dagoela «2010ean euskarazko hedabideen egoera egonkortzeko elkarlanean segitzeko». «Horixe da gure helburua, eta Gobernuaren legezko zeregina».