Akitu al da krisi ekonomikoa Ezkurran?

ttipi-ttapa 2009ko abenduaren 15a

Herriko ostatua eta eraikuntza enpresak lanez gainezka daude

Krisi ekonomikoak hondoa jo duela eta egoera berpizten ari dela esana du politikariren batek, eta badirudi egia dela Ezkurraren kasuan. Hori erakusten duten hainbat datu daude. Momentu honetan lau etxe berri eraikitzen ari dira, eta horrez gain, beste lau –Zapatainea, Mikelenea, Albisonea eta Txontonea– zaharberritzen ari dira. Herrian bi lagun dira erregulazion edo ERE ospetsu horrekin daudenak, baina gainerakoan, ez dago langabeziarik.
Bi eraikuntza enpresa daude Ezkurran eta horiek ere lanez gainezka dabiltza. Lohitzunek zein Ezkainek hurrengo urte osoan lana izanen omen dute.

Mugimendu haundia ostatuan
Etxeak egin eta berritzen ari direlako, Barranka Ostatuan ere nabaritu da eragina. 20 bazkaltiarretik gora elkartzen dira egunero menua jatera, edo 25-30 euroren truke, ohiko platerak dastatzera: babarrun gorriak, ehizako platerak, arkumea, baserriko oilaskoa txilindron erara, arraina, txuleta eta postre ugariak. Hori guztia eskaera haundiarekin. Jose Luis Gorostiagaren hitzetan, udazken honetan inoiz baino lan gehiago egin dute. Beraz, beharbada salbuespena izanen da gurea, baina momentuz behintzat, herritarrak eta ostalaritza eta eraikuntzako enpresak osasun ekonomiko onean daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun