Euskaraz Bai txapelketako finalak jokatu ziren igandean Donezteben

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 15a

Baztango eta Leitzako pilotariak elkarrekin Donezteben, euskararen alde. TTIPI TTAPA

Leitzako pilotariek irabazi zuten bi kategoria ttikienetan eta Baztangoek kadetetan

Euskaraz Bai pilota txapelketaren finalak jokatu ziren igande goizean Donezteben. Benjamin mailan, Leitzako Hegoi Txoperena eta Koldo Hernandorenak 18 eta 8 irabazi zieten Baztango Unai Elizondo eta Kaiet Juanenari. Infantileta ere leitzarrak nagusitu ziren eta Mikel Sagastibeltza eta Ander Gartziarenak 18 eta 17 irabazi zieten Baztango David Albiasu eta Andoni Espelosineri. Kadete mailan, azkenik, Baztango Iban Inda eta Joseba Apeztegiak 22 eta 11 irabazi zieten Leitzako Mikel Hernandorena eta Anartz Olanori.

 

Erremontean ere

Txapelketatik kanpora erremonte partidu bat ere jokatu zen. Tamalez, kartelean iragarritako erremontista profesionalek ezin izan zuten jokatu, Urrutia eta Olazar lesionatu zirelako. Ondorioz, Doneztebeko erremonte eskolako afizionatuek jokatu zuten partida. San Martin eta Zabalak 35 eta 32 irabazi zieten Ezkurra II eta Andiarenari.

Aurrerako beste emaitzak

Leitzako pilotariek, orokorrean, ez dute suerte handiegirik izan aste hondarrean. Lizarrako txapelketan, kadete mailan galdu egin zuen Joxerra Aldaregiak abenduaren 9an. Abenduaren 12an jokatutako partidetan, Aurrerako Mikel Hernandorenak 14 eta 18 galdu zuen Indarekin; Xabi Jaunarenak 13 eta 18 galdu zuen Jaurenarekin eta Aurrerakoen garaipen bakarrean, Anartz Olanok 18 eta 13 irabazi zion Untxalori.
Diario Vasco txapelketan, promesak kategoriako finalerdia ere galdu egin zuen Jon Jaunarena leitzarrak, Jakarekin bikote eginez. 22 eta 17 galdu zuten Ezkurdia eta Arratibelen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun