400 bat lagunek bat egin zuten abenduaren 5ean Funberako langileek deitutako manifestazioarekin. Langileak mugagabeko greban daude abenduaren 2az geroztik eta hainbat mobilizazio egin dituzte egun hauetan: kotxe karabana Malerreka eta Bortzirietan abenduaren 3an, bilera alkateekin abenduaren 4an eta manifestazioa abenduaren 5ean.
Gure etorkizunaren alde, Funberan desdidorik ez! zioen pankartaren gibeletik joan ziren Langileen Batzordeko langileak (ELAk 7 ordezkari ditu eta LABek 2), baita Bera, Arantza, Etxalar, Sunbilla eta Donamariako alkateak ere. «Hemen bizi, hemen lan egin», «Borroka da bide bakarra» edo «Despidorik ez» bezalako oihuak aditu ziren Berako karriketan.
55 kaleratze
Felix Espelosin ELAko delegatuak jasotako elkartasuna eskertu zuen eta enpresaren erregulazio txostena ez onartzeko eskatu zion Nafarroako Gobernuari. Enpresak 55 kaleratze proposatu ditu eta geldituko liratekeen 87 langileek 117 eguneko espediente tenporala izanen lukete 2010ean. Espelosinek gogoratu zuenez, «berriki arte lantegiak 202 langile zituen, baina 60 langile bota ondotik, orain bertze 55 bota nahi dituzte. Ezin dugu onartu, gezurra da Funberak etorkizunik izan dezakeenik 87 langilerekin». Dabit Iturria LABeko ordezkariak, enpresaren proposamena kritikatu zuen, «aurrejubilazioak eta baja inzentibatuak eskaintzen baititu, baina beti ere langileok EREa onartzen badugu eta hori txantaje hutsa da».
Enpresa batzordeko kideek gogoratu zuten azken bortz urteotan «11 milioi euroko irabaziak izan dituela Funberak, eta oraindik ez du balantze negatiborik aurkeztu».
Alkateen konpromisoa
Hilaren 4an, Bidasoaldeko zazpi alkaterekin bildu ziren langileak Berako Herriko Etxean, euren egoeraren berri emateko. Hala, Urrotz, Donamaria, Bera, Etxalar, Igantzi, Arantza eta Sunbillako alkateek bilera eskatuko diote Jose Maria Roig Nafarroako Gobernuko Lan kontseilariari.
Bertzalde, abenduaren 9an 55 panpin zintziklatu zituzten Berako karriketan –kaleratu nahi diren langileak adina– eta hilaren 10ean, Lan Sailaren aitzinean kontzentrazioa egin zuten.