Pantxito Amaiurko Kallonean jaio zen orain dela 75 urte. 17 urterekin Kaliforniara joan zen artzain, 8 urte igaroz. Honara etorri eta aste batzuk sendeen artean gozaturik, berriz Ameriketara beste bost urte egonez. Bertsozalea zen eta behin aipatu zigun nola bere bakardadean, ardi tartean zegoenean askotan tristuraz gogoratzen ituela bertso hauek: “Ameriketara joan nintzen utzirik ama, anai-arrebak eta familia dana, egitea nahi nuelako desio nuena, geroztik triste zebilen ay! nere barrena”. Herrira itzuli eta Paularekin ezkondu zen eta biek San Franciscon beste hamar urte igaro zituzten. Hemen Arizkungo Kallonean eman dituzte azkenengo urteak biziaren sua eta argia itzali arte. Taldeko batzuk orain dela hamar urte ezagutu genuen Pantxito Arkupeak taldearen bilera batean. Baztango Santiagorako bidea antolatu zen eta bost etapa eginda talde berri bat sortu genuen, Goiz Mendi izenarekin. Santiagorako bidea bi aldiz egin genuen eta Pantxito sasoi betean zegoen eta aurrean ibiltzen zen. Hortik aparte hilero mendiko irteerak antolatzen genituen. Horrela hamar urte daramagu. Orain dela hilabete batzuk Pantxito makaltzen hasi zen eta taldea Lezeta ostatuan berarekin elkartu ginen otordu bat eginez. Nabaria zen bere osasunaren ahultasuna. Ospitalean aste batzuk igarota azaroaren 27an egur esan zigun betirako.
Hitz gutxitan laburtu daiteke Pantxitoren bizia, izaera eta nortasuna. Zoragarria da guk daukagun irudia: gizon apala, gozoa, atsegina, lagun zintzoa, bihotz onekoa. Ez genion sekula hitz txarrik entzun, alderantziz beti umore onarekin elkarrizketan, paseoan edo jokuan. Zoritxarrez minbizi madarikatuak bere hatzaparretan harrapatu zuen eta egun gutxitan menperatu bere gorputza, bainan ez bere nortasun apala eta atsegina, eta isil isilik joan da.
Taldearen eredu eta ispilu izango zara Pantxito. Lagun haundi bat galdu dugu, bainan abestiak dion bezala, zeru goian izar berri bat piztu da gure bidea argituz. Zure laguntzarekin gure azken urteak elkarturik emango ditugu. Paula zuretzat hitz bi une txar honetan. Zure barruan bi sentimentu edukiko dituzu: alde batetik pena, tristura eta sufrimentua zure zati bat apurtu delako eta horrek barrua erretzen du eta normala denez negarra dakar ondorioz. Beste aldetik atsedena eta pakea sentituko dituzu zure biziaren zati haundi bat berari eman diozulako, batez ere sufritzen ikusi duzunean. Bere ondoan egon zara gau eta egun, etxean eta Iruñean. Ezin da gehiago eskatu. Harro senti zaitez egin behar den guztia egin duzulako. Gorde bere irudi ospetsu eta gozoa. Orain etapa berri bat dator. Ez zaizu lagunik faltako. Zuk besteen alde egindako lanak ezagunak dira. Zure anai-arrebak eta beste senideak lekuko dira eta nola ez gure talde osoa eta hainbat herriko lagunak. Ez zaitugu bakarrik utziko. Ez dizugu huts egingo. Denon izenean eskerrik beroenak bihotzez. Pantxito: ez adiorik ez agurrik, gero arte bakarrik.