Urtarrilak 7, astelehena, iritsi zaio Martini lanera joateko eguna. Berriro ere motxila, kaskoa, ogitartekoa eta erreminten kaxa urdina hartu eta eguna etxetik kanpo pasatzera. Ahanzturan geratu zaizkio; San Tomas eguneko txistor janak eragindako tripako mina, Inozente Egunean lagunei eginiko broma barkaezinak eta Errege Eguneko pastelak sortutako hortzetako mina.
Aste Sainduak bitarte, beste txango bat hasiko du. Azken hamabost egunetakoa, amets bat izan da. Hasieran eder moduan aurkeztu zitzaiona eta orain, beltza baino ilunago gorpuzten dena. Banketxera joan eta azkenaldi honetan lagun izan duen makinak, 4.000 euro gastatu dituela esan dio. Farmaziara joan eta irailetik bisitatu gabe zeukan objektu zuriak, hamazazpi kilo gehiago dela ohartarazi du.
Nahiago zukeen gaurkoan esnatu ez eta oraindik, Gabon Gaueko abestiak behin eta berriz abesten ariko balitz. Gogorra da benetan, urte guztian zehar deitoratu eta kritikatu duen guztia, hamabost egunetan bere egin duela ohartzea. Min ematen dio, egunero-egunero, hilaren amaieran 888 euro irabazteko, goizeko bostetan jaiki ohi dela gogoratzeak. Bihotzerrea ezartzen dio, beste urte betez, Eguberrietako ideologoek kontzientzia xurgatu diotela onartzea. Hori gutxi balitz, karrikak dieta egiteko produktuez eta 24 ordutan kredituak ematen dituzten enpresen iragarkiez josita daude.
Martini gertatu zaiona, hurrengo urtean zuri gertatzea nahi ez baduzu, badakizu zer egin. Egunero legez, irabaztea hainbeste kostatzen den gauza hori, behar duzunerako bakarra erabili. Ahaztu entendimenduz jantzitako ikazkina eta Euskal Herriko herri guztietan momentu berean egotea lortzen duen hiruko xelebreaz. Zure esku dago. Urtero; urtarrilaren 7a burukominarekin, bihotzerrearekin eta poltsikoa zuloz beteta has dezakeenaren gomendioa da.