20 urte euskara ikasi eta hobetu nahi dutenei bidea errazten

ttipi-ttapa 2009ko abenduaren 14a

Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldean lau egoitza eta 160 ikasle ditu gaur egun IKA euskaltegiak

«20 urte, euskara errazago egiten». Halaxe egin du IKA euskaltegiak 1989az geroztik, zailtasunei aitzin egin eta «Euskal Herri osoa euskalduntzea eta alfabetatzeko helburuarekin» lan egin. AEKren barne funtzionamenduan eztabaidak izan zirenean sortu zen IKA, Araban eta Nafarroan. Eta gure eskualdean lau egoitza ditu: Lesakan, Beran, Donezteben eta Leitzan.

Duela 20 urte egin zituen bere lehenbiziko harat-honatak IKA euskaltegiak. Ordurako lanean ari zen AEK euskaltegiaren barne funtzionamenduan desadostasun batzuk sortu ziren, eta bat ez etortze horretan, Nafarroako eta Arabako zenbait euskaltegik IKA osatu zuten. Hala, 1989az geroztik, bi euskaltegiek euren ibilbidea egin dute.
Zatiketa horretan, gure eskualdeko euskaltegi gehienek IKAren aldeko apustua egin zuten, Baztangoak salbu. Gaur egun, bada, IKAk lau egoitza ditu gurean: bi Bortzirietan, Lesakan eta Beran; bakarra Malerrekan, Donezteben, eta bertzea Leitzan.

Matxinbeltzenea proiektua Lesakan
Horretaz gain, IKAk Matxinbeltzenea proiektua du Lesakan. Bertan, euskara barnetegiak egiten dira. Inguru euskalduna aprobetxatuz, 15 eguneko egonaldiak prestatzen dira, egun osoa euskaraz egiten dutenez anitz hobetzen dute, batez ere, mintzamena. Hasieran urte guztian egiten ziren barnetegiak, baina 1995etik aitzinera udan bertzerik ez. Nafarroan kokatua dagoen aitzakiarekin Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza udara mugatu zuen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza hain eskasa izanik, ezinezkoa izan zelako jarraitzea. Gaur egun, uda bakoitzean 200en bat ikasle izaten dira  udako barnetegietan.

Hasiera eta egungo egoera
20 urteotan gorabeherak izan dira, jakina. Une gozoagoak eta zailagoak; denetarik izan dute. Halere, aitzinera egin dute eta  hori bera ez da gutti. Hasierako urteak, bertze edozeinentzat bezala, ez ziren xamurrak izan, batez ere, arazo ekonomikoak zirela-eta; hala ere, politak eta ilusioz beteak izan ziren; izan ere, orduan ilusioa eta beharra ere handiak zirenez, oztopo guztien gainetik aitzinera jo zuten.  
Euskaltegi gehienen antzera, IKAren zailtasunik handiena ekonomikoa izan da beti, Nafarroan bereziki. Dirulaguntzak ez  dira inoiz beharren pare egon, gainera azken urteotan are larriagoa da egoera. Mendialdean (Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldean) Mankomunitateek bideratutako dirulaguntzak hagitz inportanteak izan dira; hala ere, ez nahikoak. Nafarroan euskaltegien egoera ekonomikoa oro har, itogarria da; are gehiago euskaltegi ttikien kasuan.
Ikasleak, berriz, orain baino gehiago ziren, orduan zonalde guztian 300 bat ikasle zituzten, euskara ikasteko desio, grina eta gogo gehiago baitzegoen. Alfabetatzeko jende gehiago zuten. Helduagoak. Beren garaian, eskolan, euskara ikasteko inolako aukera izan ez zutenak.
Lehen ilusio handia, jende gogotsua eta gure hizkuntza maitatu eta bereganatzeko nahi izugarria zen. Urte hauetan D eredua nagusi denez, jende anitz eskolatik euskaldunduta ateratzen da eta ikasteko motibazioak aldatzen joan dira. Garai hartan, batez ere, motibazio ideologikoa izaten zen, «euskara ikasi edo hobetu nahi dut euskalduna naizelako»; gerora motibazio praktikoak ere indar pixka bat hartzen joan dira: titulua ateratzeko, lanerako behar delako, eta abar.
Orain arteko balantzea ezin da txarra izan IKAko arduradunen ustez, «beti ere, kontuan izan behar baita ez garela gu geu bakarrik munduan, eta gizarteak berak dituen gorabehera guztiak izan ditugula. Ondorio bat ateratzekotan, uste dugu dagoeneko ezagutzen gaituztela izanen litzateke eta zertan ari garen eta zein den gure helburua ere garbi dagoela».
Gaur egungo egoera gizarteak berak duena bezalakoa dela erran liteke, «krisian gaude», diote IKAtik; hau da, krisi ekonomikoaz gain, balore-krisiaren baitan ere badaudela. «Garai batean ez bezala, badirudi euskara haurrek eta gazteek normalizatuko dutela ikasketak euskaraz egiten ari direlako. Ematen du horiek ikasita euskara salbatu dugula eta ez gara ohartzen erreferenteak behar dituztela, eta erreferenteak helduok gara. Horregatik da hain garrantzitsua helduen artean euskara ez dakitenek ikastea; eta mintzatzen dakitenek, erabiltzeaz gain, alfabetatzea eta hobetzea».

Helburuak
IKAren helburu nagusia Euskal Herrian eta munduan jende euskalduna lortzea da. Horretarako, eskaintza zabala dute: euskalduntze maila guztiak, alfabetatzea, EGA ikastaroak, orain autoikaskuntza (on-line) ikastaroak ere bai. Ordutegi aukera guztiak ematen dituzte, erritmo ezberdinak, matrikula prezioak ere ahalik eta merkeen... erraztasunak ematen saiatzen dira.
Hala ere, ikasgelako lana eskolak ematea baino zabalagoa dela uste dute: ikasleen arteko harremanak bideratzea eta sendotzea, taldean giro egokia sortzea, ikasleen motibazioa indartzea, ikasleen jarraipena egitea, eskola dinamikoak eta atseginak lortzen ahalegintzea, euskararen erabilera sustatzea, eta abar…
Beraz, lan horretan segitzeko asmoa dute, «maiz baldintza eskasak izanda ere, eta lehen bezala, zoritxarrez, euskara ikasteko, borondateak beharrak baino gehiago agintzen badu ere,  borondate hori baldin badago, IKAn asetzen saiatuko gara».

8 irakasle eta 160 ikasle

Gaur egun, Bera, Doneztebe, Leitza eta Lesakako IKAren euskaltegiek 160 bat ikasle dituzte eta irakasleak, berriz, lanaldi osoan bortz eta orduka hiru ari dira lanean denetara.
Ikasleak euskara ikasten hastearen arrazoiak diferenteak dira pertsonaren arabera: batzuk titulua lortzea dute helburu, bertzeak euskalduntzeko gogoa... Eta horixe da, hain zuzen, sortzez Cintruenigokoa baina 1975az geroztik Lesakan bizi den Mertxe De Benito ikaslearen kasua. «Nahi nuelako hasi nintzen. Lesakan bizi eta hemengo giroa euskalduna delako, eta nafarra naizelako», dio. 20 urte pasatu dira euskara ikasten hasi zenetik, eta nahiz eta urte batzuez alde batera utzia eduki duen, maila ona lortua du. Halere, badu bere hitzetan zer hobetua eta horretan inguruak izan du bere ustez eragina: «zoritxarrez gure inguruan ez da beharrezkoa euskaraz jakitea. Hemengo jendeari edukazio txarrekoa iruditzen zaio euskaraz ez dakienari euskaraz egitea, eta hortaz, gaztelaniaz egiten du. Hori guretzat kaltegarria da».
EGA ateratzeko, eta bide batez, euskara lantzeko helburuarekin hasi zen euskaltegian Luis Aranburu leitzarra. Euskaldun zaharra da bera, baina joan den urtean euskaltegian hasi zenetik, «asko» hobetu duelakoan dago, nahiz eta oraindik ba omen duen zer hobetua.  Euskal hiztunei eta ez dakitenei euskaltegira joateko gonbitea ere luzatu die: «euskaraz egitea ongi dago, baina euskaraz ongi egitea hobeki dago. Hori da helburua».
Jokin Duke, berriz, betidanik euskara ikasi nahi izan duelako hasi zen Doneztebeko euskaltegian orain dela zortzi urte. Vianakoa da jaiotzez, eta euskara ikasten hutsetik hastea gogorra egin arren, bere ustez «gero eta hobeki» moldatzen da. Euskaraz ez dakitenei mezua ere igorri die: «hasieran oso zaila eta gogorra da euskara ikastea, baina ikastaroak pasatuta ohartzen zara eginahalak merezi duela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun