Malerrekako Mankomunitateak, Bidelagun, Malerrekako Gazte Asanblada, Gazte Burrunba eta Antrotoki elkarteen laguntzaz antolatutako “Muga guztien gainetik” Kultur Arteko Topaketen azken besta ekitaldia larunbatean egin zen Donezteben. Goizean, elizatarian izan zen hitzordua eta mundu osoko janaria, bitxikeriak eta musika eskaini zen. Dastatzeko paratu ziren plateren artean, Dominikar Errepublikako mangú de platano edo empanada de yuca eta Ekuadorreko maduro con queso edo ceviche de gambas zeuden. Eguerdian, Doneztebeko dantzariek aurreskua eta Agurra eskaini zuten migratzaileen ohorez eta idatzia irakurri zen.
Arratsaldean, binakako ginkana izan zen eta opariak zozketatu ondotik, Doneztebeko eskolan, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailakoek eskainitako antzeslanak ikusgai izan ziren. Ekuadorko Alma Latinaren dantzak, Ascana elkarteko kapoeira, Sunbillako dantzariak, Pueblo Negro taldearen rapa eta Jon Elizetxe eta Alazne Untxalo bertsolariak aditzeko eta ikusteko aukera izan zen jaialdi berezian. Afari batekin borobildu zen Kultur Arteko Topaketa.