Egunotan Kultur Arteko Topaketa antolatu dute Malerrekako Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Inmigrazio Programak eta Venezuela, Argentina, Brasil, Portugal, Errumania, Dominikar Errepublika, Nigeria eta Euskal Herriko herritarrek, baita Bidelagun elkarteak Malerrekako Gazte Asanbladak, Gazte Burrunbak, Erreka elkarteak eta Sunbillako Antrotokik ere. Inmigrazio Programaren barne, abenduaren 4an hasita gisa guztietako ekitaldiak egiten ari dira. Esaterako, abenduaren 4tik 12ra, SOS Arrazakeria erakundearen Emakume etorkina bizilaguna erakusketa ikusgai dago Doneztebeko Turismo Bulegoan.
Hitzordu nagusia, halere, abenduaren 12koa izanen da.
Larunbat goizeko 10:30etik aitzinera Doneztebeko txistulariak herrian barna ibiliko dira. Eliza atarian munduko janariak eta bitxikeriak paratuko dira. Musu-truk denda ere izanen da eta erabiltzen ez diren gauzak mahai gainean paratuko dira nahi duenak hartzeko. Materiala aitzinetik ekarri behar da Mankomunitatera. Migratzaileen omenez agurra eta aurreskua dantzatuko dute herriko dantzariek, esaldien irakurketa hainbat hizkuntzatan, musika eta bertze hainbat ekitaldi eginen dira. Ondotik bazkaria izanen da. 17:00etatik 18:00etara ginkana izanen da. 19:00etatik 21:00etara antzerki eta musika emanaldia izanen da eskolan: eskolako hirugarren mailakoen bi antzerki; Alma Latina Ekuadorreko dantza taldea, Ascana elkartearekin kapoeira, euskal dantzak, Herri beltza rap taldea, bertso saioa...