Joaquin Bengoetxea da Baztan-Bidasoako UGTko Idazkari Nagusi berria

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 10a

Orain arte UGTko antolakuntza idazkari zen Joaquin Bengoetxea Idazkari Nagusi izanen da datozen lau urteetan. TTIPI TTAPA

Ortzegun goizean egin da III. Kongresua Elgorriagako Balnearioan

UGT sindikatuak Baztan-Bidasoaldeko III. Kongresua egin du abenduaren 10ean Elgorriagako Balnearioan. Sindikatuak eskualdean dituen 19 delegatuetatik 15k parte hartu dute kongresuan, 358 afiliatuen izenean eta Eskualdeko Batzorde Exekutiboa aukeratu dute.  Honela, Baztan-Bidasoako UGTko idazkari nagusia Joaquin Bengoetxea Landa, Lesakan bizi den elizondarra izanen da. Antolakuntza idazkaria Doneztebeko Mikel Rekarte Juanikorena izanen da; Formakuntza Idazkaria Berako Aitor Martiarena Cordoba; Berdintasun Arloko idazkaria Hondarribiako Silvia Fernandez Ramirez eta idazkari exekutiboa Doneztebeko Fermin Jorajuria Martinez. Batzorde exekutibo berriak delegatuen %95aren babesa jaso du, 15 botuetatik 14 aldekoak izan baititu eta botu 1 txurian joan da. Joaquin Bengoetxeak, azkeneko lau urtetan kargua izan duen Patxi Altxu Iparagirre iturendarraren lekua hartuko du. Hain zuzen, Kongresuan, lau urteotan Altxuk eta bere komiteak egindako lanaren balantze positiboa egin dute eta Joaquin Bengoetxeak aipatu duenez, “lan horrekin segitzea da gure helburua datozen lau urteetan”.  Eskualdean, afiliazioan eta errepresentazioan handitu ere nahi dute.
Kongresua goizeko 11:00etan hasi da, Roberto Jiménez Nafarroako Alderdi Sozialistako Idazkari Nagusiaren solasaldiarekin eta eskualdeen izenean, Javier Igal Tafallako UGTko idazkari nagusia aritu da ondotik; sindikatuko federazioen izenean Lorenzo Ríos, Nafarroako MCA-UGTko Idazkari Nagusia aritu da. Joaquin Bengoetxea Baztan Bidasoako idazkari nagusiak eta Juan Goyen, Nafarroako UGTko idazkari nagusiak itxi dute kongresua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun