Azaroan %10 baino gehiago igo zen eskualdeko langabezia

Aitor AROTZENA 2009ko abenduaren 10a

1.053 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanak, urrian baino 99 gehiago

1.053 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanak, urrian baino 99 gehiago

Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emandakoen langabetuen kopuruak nabarmen goiti egin du azaroan eta urri hondarreko 954 langabetuetatik 1.053ra pasatu da. Nafarroa osoan, banaz bertze %1,32 igo zen langabezia eta eskualdean %10,38, gainerako eskualdetako bulegoak baino nabarmen gehiago.

Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 350 kontratu gauzatu ziren azaroan, baina horietatik 28 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.

Adina eta sexuari dagokionez, langabeziaren igoera denetan somatu da. Honela, 25 urtez goitiko gizasemeetan  421etik 453ra igo da, adin horretako emakumeen artean, berriz, 400tik 459ra. 25 urtez beheitikoen artean ez da hain nabarmena izan igoera: gizasemetan 85etik 90era igo da langabetu kopurua eta emakumeetan, 48tik 51ra.

Arloz arlo
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, eta azaroan, gainera, nabarmen goiti egin du. Urri hondarrean 507 langabetu zeuden arlo horretan eta azaroan 570, 63 gehiago. Industrian ere 12 lagun gehiago daude langabezian, 258. Eraikuntzan, 14 lagun gehiago daude langabezian, 149; nekazaritzan, aldiz, langabetu bat guttiago zegoen azaro hondarrean, 20 denera. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean 11 lagunetan goiti egin du langabetu kopuruak eta 56 ziren azaro hondarrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun