Genaro Taldea, Baztan-Bidasoaldeko Errealazaleen Peña sortu da

Aitor AROTZENA 2009ko abenduaren 7a

Genaro taldearen logotipoa Anoetan eta bertze zelaietan ikusten hasiko da. TTIPI TTAPA

Hamabortzean behin biltzen hasi dira eta hurrengo bilera abenduaren 17an izanen dute Berako Xuga ostatuan

Baztan-Bidasoaldeko Errealzaleak elkartu eta martxan jarri dugu eskualdeko Errealzaleen peña: "GENARO TALDEA". Beti ere izenarekin omendu nahi izan dituzte bai Genaro Zelaieta beratarra, Errealeko jokalari haundia izandakoa eta baita haren seme Unai, biak ere talde txuriurdinean arituak. Beraz  Genaroren izena daraman arren, biak izan dituzte gogoan eta bien omenez jarri diote izena taldeari.

Taldearen helburuetako bat, Baztan-Bidasoako talde txuri-urdinaren zale guztiak biltzea eta elkarrekin hainbat ekintza burutzea izanen litzateke, bertzeak bertze taldeak kanpoan jokatzen duenean bidaiak antolatu, ateraldiak egin, partiduak elkarrekin ikusi eta bertze. Bertzelako ekintzak egiteko ideia ere badago, tartean eguberri ingururako antolatzen ari garen Mus txapelketa.

Zuzendaritza batzordea

Genaro Taldeko Zuzendaritza Jon Mikel Matxiarena lehendakariak, Iñaki Goia “Pettanka” lehendakari-ordeak, Maria Barredo idazkariak, Jon Zelaieta diruzainak eta Jokin Iturria, Ines Matxiarena, Ana Lazkanotegi eta Julen Zelaieta bokalek osatzen dute.
Oraingoz bilerak Berako Iamotenean egin dituzte, baina laster egoitza ofiziala izanen omen dute. Taldearen inaugurazio ofiziala urtarrilerako egitea espero dute, eta hontan Genaro eta Unairen familiari omenaldi ttiki bat egiteaz gain, errealeko hainbat jokalari, gaur egunekoak zein Genaro eta Unairen taldekide izandakoak gonbidatuko dituzte.
Oraingoz 50 bat bazkide dira, baina ideia jende gehiago biltzea izanen litzateke. Bazkide bakoitzak 20  euro ordainduko ditu, beti ere 18 urte bitartekoek doan izanen dutelarik bazkidetza. Izen ematea genarotaldea@gmail.com helbidean egin behar da. Bertzalde, sarrerako 20 euroak ordaintzeko, kontu korronte bat jarri dute Euskadiko kutxako 3035 0135 93 1350016772 zenbakia. Aintzinerago Blog-a eta web orria ere eraikitzeko asmoa dute.

Bilerak oraingoz hamabortzean behin egiten ari dira, martxa hartu bitarte. Hurrengoa abenduaren 17an eginen dute, 20:00etan Berako Xuga ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun