Nafarroako UGTk hilabeteko Kontseilua egin du astearte goizean Elgorriagako Bainuetxean eta Nafarroako nahiz Baztan-Bidasoako lan egoerari buruzko zenbait datu eman ditu.
Horretarako prentsaurrean agertu dira Juan Goyen, Nafarroako UGTko idazkari nagusia eta Joaquin Bengoetxea, Baztan-Bidasoako UGTko Antolaketa idazkaria.
Juan Goyenek eskualdean sektore siderometalurgikoak duen garrantzia azpimarratu du, ArcelorMittal, Zalain Transformados edo Funvera bezalako lantegiekin eta “krisi ekonomikoaren eragina jasaten” ari direla azpimarratu zuen. Halere, ArcelorMittalen kasuan etorkizunerako aurreikuspen onak daudela gogoratu zuen, “talde multinazional honek Lesakako lantegian inbertsioak eginen baitiltu”.
Halere, Baztan-Bidasoaldean langabeziak izan duen igoera ere gogoratu zuen, 2008ko urrian 579 langabetu izatetik 2009ko urrian 821 izatera pasatu baita, “eta sektore produktibo guziei eragin die”. Aranoko Heineken lantegiaren itxiera ere azpimarratu zuen, 67 langileri eragin baitio.
Bi urte hauetan, eskualdeko 39 lantegietan EREak aurkeztu dituztela jakinarazi zuen, “2008an 282 langileri eragin zion suspentsio espedientetan eta 85eri etete-espedientetan, aurten berriz 1.446 langilek izan dituzte suspentsio espedienteak eta 138k etete-espedienteak”.
Halere, itxaropentsu agertu ziren UGTko ordezkariak, azken hiruhilekoan langabezia tasa jautsi delako eta Barne Produktu Gordina %0,5 igo delako, “gutti, baina esanguratsua da”.
Joaquin Bengoetxeak jakinarazi zuenez, Baztan-Bidasoako UGTren eskualdeko kongresua ere Elgorriagako balnearioan eginen da, abenduaren 10ean, eta bainuetxeak lan arloan ekarri duen onura ere goraipatu zuen, 60 lanpostu inguru sortu baitu.