Kultur Arteko Topaketa eginen da abenduaren 4tik 12ra Malerreka eta Bertizaranan

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 1a

Ekuadorreko Alma Latina dantza taldeak parte hartuko du abenduaren 12ko egun handian. TTIPI TTAPA

Erakusketak eta solasaldiak izanen dira eta egun handia abenduaren 12a izanen da

Kultur Arteko Topaketa antolatu dute Malerrekako Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Inmigrazio Programak eta Venezuela, Argentina, Brasil, Portugal, Errumania, Dominikar Errepublika, Nigeria eta Euskal Herriko herritarrek, baita Bidelagun elkarteak Malerrekako Gazte Asanbladak, Gazte Burrunbak, Erreka elkarteak eta Sunbillako Antrotokik. Inmigrazio Programaren barne, abenduaren 4an hasita gisa guztietako ekitaldiak izanen dira herrian eta herritik kanpo. Egun haundia, halere, abenduaren 12an izanen da.
Abenduaren 4tik 12ra Emakume etorkina bizilaguna erakusketa eginen da Turismo Bulegoan. SOS arrazakeriaren 17 paneleko erakusketak emakume etorkinen esperientziak biltzen ditu. Astez, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara egonen da zabalik. Besta egunetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Abenduaren 11n 15:00etatik 18:00etara, eta azken egunean, 11:00etatik 14:00etara.
Donamarian eta Legasan ere izanen dira ekitaldiak. Sos Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagarekin solasaldia eta berendua  eginen dira Donamariako Ostatuan eta abenduaren 10ean, Legasako frontoian bideo emanaldia, solasaldia eta berendua eginen dira, 18:30ean hasita.


Abenduaren 12an egun handia

Hitzordu nagusia, halere, abenduaren 12an izanen da. 10:30etik aitzinera Doneztebeko txistulariak herrian barna ibiliko dira. Eliza atarian munduko janariak eta bitxikeriak, Musu-truk denda (erabiltzen ez diren gauzak mahai gainean paratuko dira nahi duenak hartzeko. Materiala aitzinetik ekarri behar da Mankomunitatera), migratzaileen omenez agurra eta aurreskua herriko dantzariekin, esaldien irakurketa hainbat hizkuntzatan, musika eta bertze hainbat ekitaldi eginen dira. Ondotik bazkaria izanen da. 17:00etatik 18:00etara ginkana izanen da. 19:00etatik 21:00etara antzerki eta musika emanaldia izanen da eskolan: eskolako hirugarren mailakoen bi antzerki; Alma Latina Ekuadorreko dantza taldea, Ascana elkartearekin kapoeira, euskal dantzak, Herri beltza rap taldea, bertso saioa...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun