Etxe segurua eta erosoa

ttipi-ttapa 2009ko azaroaren 30a

Etxea barnetik eta kanpotik kudeatzeko aukera ematen du domotikak ttipi-ttapa

Domotika etxebizitzen tresnak automatizatu eta sistema bakar batean biltzean datza, energiaren kudeaketa, segurtasuna, ongizatea eta komunikazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Hortaz, erran daiteke etxebizitza domotikoa etxebizitza inteligente dela.

Duela urte batzuk domotika zientzi-fikzioa zela pentsatzen bagenuen ere, gaur egun, gero eta gehiago dira domotikaren printzipioak aplikatzen dituzten etxeak. Helburua: pertsonen erosotasuna, ongizatea eta segurtasuna handitzea da.

GUZTIA KONTROLPEAN
Domotikaren definiziorik zuzenena robotizatutako etxea izanen litzateke. Definizio horretatik abiatuta, erran daiteke etxebizitza domotikoa etxebizi?tza inteligentea dela. Hala, segurtasuna, erosotasuna eta aurrezte energetikoa hobetzeko kontrol instalazio batzuek dauzkaten mekanismo automatizatuak daude guztiaren oinarrian.

GARUN ELEKTRONIKOA
Etxe domotiko edota inteligente batean, gailu guztiak sare elektrikora konektatuak daude (mikrouhina, garbigailua, berogailua, aire egokitua, per?tsianak, segurtasun argiak zein alarma). Horiek elkarrekin komunikatzen dira, eta unitate zentral batetik kontrolatzen dira. Unitate horrek informazioa lortzen du eta pizteko edo itzaltzeko aginduak kanalizatzen ditu.

Etxebizitzan bertan egoten da, eta eramangarria da toki batetik bertzera. Liburu baten neurriko ukimenezko pantaila izan dezake etxeko edozein lekutara mugitzeko, edota hotzgailuan zein etxeko sarreran jar daitekeen display ttiki bat ere izan daiteke.

AMETSETAKO ETXEA
Garun honi esker, etxeko aparatu guztien funtzionamendua programa daiteke: etxetik ateratzerakoan argi guztiak batera itzaltzea, goizetan pertsianak igotzea eguzkiaren lehenengo izpiak sartzeko, etxekoak musika entzunaz esnatzea, kafe makina martxan jartzea, bainera ur tenperatura egokiarekin betetzea, energia-kontsumoa aurrezteko berogailua gauez piztea.

INTERNET EDOTA MUGIKOR BIDEZ  
Normala den moduan, lan guzti horiek jabea etxean ez dagoela ere egin daitezke, Internet edota mugikor bidez. SMS mezu bat nahikoa da, konparaziora, labean aurreko gauean utzitako haragia prestatzen hasteko, edota oporretan zaudela, lorategia ureztatzen hastea agintzeko.

SEGURTASUNA, GUZTIAREN AURRETIK
Etxebizitza inteligenteko teknologien helburu nagusienetako bat etxea espazio segurua bihurtzea da.

Aukeretako batzuk honakoak dira: lapurrak ez sartzeko edota gasa, sua, kea zein ura sumatzeko detektagailuak jartzea. Horiek ihesa sortu duen balbula ixten dute eta erabiltzailea zein larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jar?tzen dituzte SMS mezu baten bidez.

SARERA KONEKTATUAK KAMERA BIDEZ
Geletako irudi horiek Internet bidez ikus daitezke edozein ordenagailutik. Hala, posible da haurrak egiten ari direna edota lorategia zein egoeratan dagoen ikustea.

INBERTSIO ERRENTAGARRIA
Etxean elementu domotikoren bat sartzeko gastua ez da ikaragarrizkoa ere. Sistemen estandarizatzeak eta gailu desberdinen prezioa apaltzeak (sen?tsoreak, kontrol moduloak, komunikazio pasabideak, etabar) instalazioa egingarriagoa egiten du. Etxebizitza inteligenteen proiektuak martxan jar?tzen dituzten enpresen arabera, etxebizitza bat robotizatzeko gastuak berezko prezioa %1etik %3ra handitzea baino ez du ekartzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun