Etxebizitza erostea da, generalean, jendeak egiten duen inbertsiorik nagusiena eta etxea, zentzu horretan, bere ondarearen baliorik handieneko ondasuna. Ondasun hori arretaz babestu beharra dago, zernahi ezbehar jasan dezakeelako. Ezbeharrei aurre egiteko arrisku orotako aseguruek estaldura zabala izaten dute eta, horri esker, inork ez du auzitan jartzen duten baliagarritasuna.
EDUKI ETA EDUKITZAILEA
Arrisku orotako aseguruetan hiru kapital aurreikusten dira: edukitzailea, edukia eta erantzukizun zibila. Edukitzailea etxeko euskailu fisikoari dei?tzen zaio: zola, sabaia, paretak, ate-leihoak, etab. Horretan bertze hainbat elementu finko ere sartzen dira, hala nola antenak, paretako lanparak, etab. Edukian biltzen da etxe barnean dagoen guztia: arropa, altzariak, etxetresna elektrikoak eta era guztietako gauzak. Bi kapital hauek (edukitzailea eta edukia) suteak, leherketak edo tximistak, bandalismo-egintzak, jende-samaldak, grebak eta fenomeno meteorologikoek sortu duten kalteak estal?tzen dituzte; baita etxebizitzaren alokairuen galerak eta bizigarritasunik eza, lapurreta, espoliazioa eta ebasketa, urak eragindako kalteak eta kristal hausturak ere.
Erantzukizun zibilaren estaldurarekin, beste batzuei eragindako kalteengatik sortzen ahal diren erreklamazioen aurrean bere burua babestuko du aseguratuak. Oinarrizko estaldura horiei beste osagarri batzuek ere eransten zaizkie: etxeko animaliek eragindako kalteak, istripua, heriotza, etxez kanpoko atrakua, kreditu-txartelen iruzurrezko erabilera edota larrialdiko sarraila-konponketa estaliko dituzte hauek, bertzeen artean.
EDUKITZAILEA ETA EDUKIAREN BALORAZIOA
Edukitzailea nolako kapitalean tasatuko den kalkulatzea zaila denez, generalean, gutxi gorabeherako estimazioa egiten da (550 - 700 euro, m2ko) berreraikuntzaren kostua kalkulatzeko. Edukia konplexuagoa da baloratzen, erabiltzaile bakoitzak bere modura apaindu baitu etxebizitza (bitxiak, koadroak, antzinako altzariak, arropa, baxerak, ordenagailuak, etxetresna elektrikoak…). Horrek guztiak duen balorea adierazi egin behar da, ezbeharrik izatekotan, berriak ekarri edo zaharrak konpontzeko. Ohikoena da eduki?tzailearen %35 eta %50 bitarteko kapitala finkatzea, norberak dauzkan ondasunen arabera. Ondasunak berriro erostea zenbat kostatuko litzatekeen gelaz gela kalkulatzea da egokiena.
Horretara, kontsumitzaileak erreparatu behar dio indemnizazioa finkatu den moduari. Indemnizazioa berriro ezartzearen araberakoa baldin bada, ezbeharrean galdutako telebista, hozkailua edo bideoaren ordez antzeko beste batzuk jarriko dituzte. Indemnizazioa merkatuko balioaren arabera finkatu bada, aseguratzaileak etxetresna elektrikoak, saltzekotan, izan zezaketen prezioaren parekoak jarriko ditu, hau da, balio apalagokoak.
Etxebizitzak berez daukan baliotik hurbileneko kopuruan aseguratzeak garrantzi handia du. Aseguru-priman sos batzuk aurrezteagatik behera jotzen bada (azpi-asegurua), izandako kaltea baino ttikiagoa izanen da indemnizazioa. Konparaziora, 200.000 euro balio duen etxea 150.000 eurotan aseguratzen bada, konpainiarentzat etxearen parte bat (hiru laurdenak) baizik ez da aseguratu. Ezbeharra izatekotan ere, proportzio horretan indemnizatuko zaio aseguratuari, bai kalteak erabatekoak direnean, bai partzialak direnean ere. Tasazioa egiazko balioz gainekoa bada (gain-asegurua), poliza garestiago izanen da baina indemnizazioak higiezinaren eta altzarien egiazko balioa bakarrik estaliko du. Ez du merezi, beraz, behar baino gehiago ordaintzea