Ander Erasunek Josu Aizpururi botatako desafioa erantzunaren esperoan

ttipi-ttapa 2009ko azaroaren 25a

Artxibokoa

Apusturako grinak ez du etenik. Mindegia eta Larretxearena pasatu orduko, bertze baterako mugitu baitira aizkolariak. Ander Erasun aurtiztarra izan da azkena. Apusturako deia egin zion azaroaren 8an Josu Aizpuru Errekalderi. Ez nolanahikoa, gainera. 16 kanaerdiko ebaki aizkoran eta ondotik 8 kilometro lasterka zezen-plazan. Aitzinako apustuen gisara  luzatu zuen desafioa Erasunek. Azaroaren 14an Tolosako Kantabriko ostatuan esperoan egonen zela adierazi zion nuarbetarrari, baina honek ez zuen seinalerik eman. Dena den, badirudi ez dela horretan geldituko kontua. Erasunen hurbilekoek TTIPI-TTAPAri adierazio diotenez, Andres Osa Sakona Euskadi Irratiko kazetariak Aizpururi deitu dio, eta honek Tolosara joateko intentzioa zuela aipatu omen dio. Min hartuta zegoelako ez omen zen joan. Sendatzean aurtiztarrak bere berri izanen duela ere erran omen du. Ikusiko da, beraz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun