Bi eta batekoa Donato Larretxearen alde. 60 urteko Ezkurrako semeak eta 49 urteko Arantzako semeak elkarren kontra egin duten hirugarren lehia Larretxeak irabazi du. Eguraldi gogorrari aitzin egin, eta eurentzat azken apustua izan dena jokatu zuten Miel Mindegiak eta Donato Larretxeak azaroaren 8an Tolosako zezen-plazan, 1.500 lagunetik goitiren aitzinean, eta lau minutu eta erdiko aldea aterata, Larretxeak eskuratu zituen 24.000 euroak.
Alde bakoitzak 12.000 euro paratuak zituen jokoan, eta 60 ontzako 20 enbor ebaki behar izan zitzuten. Eta egur gogorrak, gainera. Horrela aitzineratu baitzuen Ezkurrakoak desafioa jokatu baino egun batzuk lehenago. Desafioan hitzartu bezala, berak eraman zituen egur guztiak, baina zozketa egiterakoan, Larretxeari egokitu zitzaion zein alde nahi zuen aukeratzea. Lanak 100 minuturen bueltan akituko zituztela aitzineratu zuen Mindegiak, baina uste baino guttiago behar izan zuten biek.
Hasierako enborretik nagusitu zen aranztarra, eta hamargarren enborrean, bi minutuko tartea atera zion Ezkurrakoari. Eta hortxe erabaki zen apustua, hortik aitzinera garaipena esku artean ikusi baitzuen Donatok.
Baina lan txukuna egin zuten biek ere, eta enbor guztiak mozteko ordu bat, 21 minutu eta 34 segundo behar izan zuen Larretxeak; Mindegiak, berriz, ordu bat, 25 minutu eta 59 segundo. Aranztarrak Iruntxiberri eta Oihan semea izan zituen ondoan, eta Ezkurrakoak Lorentxo Apezetxea eta Cipriano Telletxea.
Apustua irabazita, kontent gelditu da Larretxea. Ez horrenbertze, Ezkurrakoa, apustua galdu izanaren tristurarekin, noski. Baina 60 urterekin horrelako lana egiteko gai izatea bada pozik egotekoa. Larretxeak, berriz, bereziki gogoan izanen du azaroaren 8ko apustua, bere hamaikagarrena –hirugarrena Mindegiaren kontra– eta iragarri duenez, bere azkena. Apustuez oroitzapen ona gordetzeko aitzakiarik behintzat ez du falta, hamaikagarrena ederki borobildu baitu.
DENBORAK
Larretxea Mindegia
1 2:25 2:50
2 6:10 7:05
3 9:45 10:45
4 13:25 13:55
5 16:56 17:34
6 20:44 21:38
7 24:40 25:14
8 29:34 29:56
9 33:38 33:55
10 37:02 38:56
11 40:58 43:12
12 44:44 48:05
13 48:40 52:42
14 53:06 57:22
15 57:14 1:01:32
16 1:01:22 1:06:24
17 1:05:39 1:11:12
18 1:10:54 1:16:27
19 1:15:45 1:21:26
20 1:21:34 1:25:59
ESALDIA . Donato LARRETXEA. Arantzako aizkolaria
«Nire erritmoa jarri dut hasieratik, eta aitzinetik jarri naiz. Horrek indarra ematen du»
ESALDIA. Miel MINDEGIA. Ezkurrako aizkolaria
«Pentsatu baino 15 minutu gutxiagotan akitu dut, eta uste dut lan ona egin dudala»