Urtero bezala, abenduko lehen asteburuan urritasunak dituztenen aldeko Telethon ekimena eginen da. Gure herrian ere ekitaldi franko antolatu dituzte eritasun horien kontrako ikerketa diruz laguntzeko. Usaiako jokoak eta Larrunera upatzeaz gain hainbat ikastaro ere antolatu dituzte.
Ostiralean, abenduak 4, hiru eskoletako haurrak xiba jokoetan lehiatuko dira eta nahi dutenek haur bat babesten ahalko dute, alegia, sosa eman haurrek parte har dezaten. Hainbat jokotan lehiatuko dira, arto biltzean, zaku lasterketan, esne ontzien lasterketan, sokatiran, birletan, boneta botatzean eta tokan, bertzeak bertze.
Larunbateko ekitaldi nagusia Larrunera trenez upatzea eta oinez jaustea izanen da. Aurten 14:30ean abiatuko dira San Inazio lepotik. Trenez upatu ahal izateko 10 euro ordaindu beharko dira. Gainera, arratsalde osoan pandereta jotzen eta fandangoa ikasteko ikastaroak eskainiko dira Lur Berri gelan eta Denean Etxea geletan, hurrenez hurren. Izen-ematea bortz eurokoa izanen da. Ekitaldi guztiak finitu orduko talo-jatea izanen da Lur Berrin, eta gehiago luzatu nahi dutenentzat zintzur bustitzea beranduago.