Aurtengo sasoin osoan iazko urriaren 18an baino uso guttiago pasatu da

Xan Harriague 2009ko azaroaren 25a

Denboraldi osoan iaz baino 565.000 uso guttiago

177.554 USO zenbatu dituzte aurten urriaren 16etik hazilaren 11ra. Joan den urtean, berriz, 742.331.

Uso sasoin txarra izan da aurtengoa. Urriaren 15etik hazilaren 11ra 177.554 uso zenbatu dituzte Lizarrietan, joan den urtean 742.331 izan zirelarik. 2008ko urriaren 18an bakarrik aurtengo sasoin guzian baino uso gehiago pasatu ziren, 279.348, alegia.
Berezia ere izan da aurtengo pasa. Usoa usaian baino beranduago abiatu da. Iaz lehen pasa urriaren hastapenean izan zen, aurten, aldiz, urriaren 26a arte goaitatu behar izan da lehen uso pasa ikusteko. Lizarrietan 84.000 kontatu zituzten orduan. Bigarren uso pasa adierazgarria hazilaren 9an izan zen, 34.440. Gaineratiko egunetan 10.000 baino guttiago kontatu dituzte eta gehienetan batere ez. Kontaketak iraun duen 27 egunetatik 14tan kontatzaileak zerotan gelditu dira.
Kontaketa finitu eta gero pasa polita izan da hazilaren 13 eta 14an batez ere, baina zenbatekoa izan den ezin jakin.
Dirudienez asko dira Europako hegoaldera pasatu ez diren usoak. Joan den urtean, Urruñan harrapatu, eta haien segitzeko sistema ezarri eta gero, askatu zituzten sei usoetatik lau Europako erdialdean jarraitzen zuten hazilaren 18an. Frantziako uso kontaketen zentroak, berriz, hazilaren 19an ezarri du sasoin guziko uso mugimendurik handiena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun