Senperek ez du logela bilakatu nahi. Holakorik ez dute entzun nahi herriko saltzaileek. Berriki, beren lana ezagutarazteko gisan, hogoi bat saltzailek besta arrakastatsua apailatu dute Inharrea etxaldean. Toki berean, herrian barreatuak diren lanbideak ezagutu ahal izan dira: eskulanak, iturginak, berina egilea, barazki ekoizlea edo auto saltzailea...
Heldu den abenduan, joku bat prestatuko dute. Saltoki bakoitzean galde bat eginen zaie bezeroei eta errepusta xuxena emanen duenari puzzle zati bat eskainiko zaio. Puzzle osoa osatuko dutenek hogoi sari irabazten ahalko dituzte. Urtarrilaren 16an, aldiz, dantzaldi bat eginen da.
Brigitte euskaltzalea
Ideia hauen gibelean beti erne ibilki da Brigitte Ryckenbusch. 2003az geroz, egurrezko, igeltsuzko eta larruzko esku lanak prestatzen eta saltzen ditu karrika nagusian. Emazte alegera hau duela hamar urte etorri zen gure herrirat. Eskuz egiten duena bere baitarik ikasi zuela dio, irriz... Izan ere, 22 urtez gizarte segurantzako idazkaria izan zen. Bidez arrunt aldatu da, baina, gisa batez, sail berean segitzen omen du maite baitu jendeekin solas egin eta proiektuak prestatzea. Lanak ez baitio beldurrik ematen, herriaren alde lan egitearen parioa egin zuen gan den urtean. 2008ko bozetan, herriko hautetsi izendatua izan zen andere auzapezaren zerrendan. Lan hori ez zaio batere arrotza bi legealdi egin baitzituen jadanik bere sorterrian, Angers hirian, Anjou eskualdean. Senpererat etorri zelarik erdalduna zen arrunt Brigitte, baina berehala deliberatu zuen euskara ikasiko zuela, eta orain, gure mintzairak ez du sekreturik harentzat. Gainerat, euskara ikasteaz gain, irakasten hasi zen duela hiru urte, hori bai beti umore onean...