Herriko Ostatua errentan hartzeko Udalak egindako deialdian hiru proposamen aurkeztu ziren, eta guztien artean, Gorka Fuentes Mujika herritarrarena aukeratu du Udalak, «osatuena» berea zelako. Herritarra izanik kontent gelditu da arduradun berriarekin Udala, eta herritarrak ere bai, noski, ostatuak berriz zabalduko dituelako ateak. Hilabeteko errenta 450 eurokoa izanen da.
Bost urtetarako hartu du Fuentesek ostatua, Udalaren baldintzetan hala ageri baitzen, baina epea akitutakoan, beste horrenbeste luzatzeko aukera izanen da. Esan digunez, bera ariko da lanean, eta asteburuetan, beharraren arabera, baliteke beste norbait hartzea. Hori bai, ahal dela, herritarra. Herriko Ostatuan dauden 11 logelei mugimendua eman nahi diela ere gaineratu digu, eta horretan saiatuko dela.
Lerro hauek idazterakoan, irekiera eguna ez zuen guztiz zehaztua, baina abenduko zubirako zabalik edukitzea espero duela adierazi zigun.
Gure aldetik, zorterik hoberena opa diogu!