Malerrekako Euskalgintza berriz ere biltzen hasi da eta Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordeari bultzada eman nahi zaio. Hala, joan den urriaren 29an bildu ziren Mankomunitatean Doneztebeko San Migel eskolako Ikasketa burua, eskolako zein Mendaur Institutuko guraso elkarteak, Euskaltegia, Iturengo Ibintza Kultur Taldea, Doneztebeko Burrunba Gazte Taldea, norbanako euskaltzaleak eta hainbat udaletako zinegotziak (Sunbilla, Ituren, Zubieta, Bertizarana eta Donamaria). Udaletako zinegotziak Euskara Batzordeko kideak dira eta eta euskararen aldeko lanean jarrera aktiboa dute. Doneztebeko ordezkaria ere partaidea da baina bilera honetara ezin izan zuen etorri. Beraiekin batera, Alaitz Zabaleta euskara teknikaria, Kristina Urrutia Euskaraz Bai egitasmoko dinamizatzailea eta Kontseiluko ordezkari bat ere izan ziren.
Helburua: euskara
Euskara Batzordeak euskararen alde lan egitea du helburu. Horren ondorioa da, erraterako, Malerrekan Euskaraz Bai dinamika martxan jartzeko eskaera. Azaro hasieran Donezteben Kontseiluarekin egindako sinadura ekitaldiarekin abiatu zen ekimen hau.
Batzordea hilabetero biltzen da Malerrekako Mankomunitatean. Baina aldi berean, Euskara Batzordeak herritarrei, euskaltzaleei eta lanerako gogoa duen edonori gonbidapen zabala egin die, Batzordeko ateak irekiak baitaude edozeinentzat.
Ibilbidea eta elkarlana hemen hasten da, dinamikarekin eta Batzordeak antolatzen dituen bilerekin. Baina bide honek epe luzean segitu behar du eta etorkizunean ere segida izan behar du batzordekideen arabera. Izan ere, Euskaraz Bai dinamika ez baita kanpaina bat, luzera begirako proiektua baizik.