Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute hamabigarren urtez Euskal Herriko 135 udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk.
Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek. Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta bildu dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.
Webgunea
Aurtengo berrikuntza, nolanahi ere, sarekoa da. Izan ere, guztiz berrituta dator www.katalogoa.org webgunea. Bertan, paperean bildutako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste anitz agertzen dira. Aukera dago, gainera, produktu horien saltokietara iristeko, eta bertatik erosteko. Urte osoan zehar bizirik eta eguneratuta izateko helburuarekin sortu da gunea, argitaletxeek berek aukera izango baitute produktu berriak sartzeko eta deskatalogatuak kentzeko. Urte osoan zehar kontsultatu ahal izateko leku bat izango da, beraz, eta irakurleek, beren iruzkinak eta komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.
240.000 ale paperezko edizioan
Paperezko edizioari dagokionez, aurten 240.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan. Gure inguruan ikastetxeen bitartez eginen da banaketa, eta Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHko 4. maila bitartean dauden ikasle guziei emanen zaie katalogoaren ale bat. Horrez gain, katalogoa liburutegietan ere jarriko da, baita produktuak saltzen dituzten komertzioetan ere.