Lesakako Tantirumairu, Berako Labiaga eta Baztan ikastoletako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako 55 ikasle bildu ziren azaroaren 17an Lesakako udal pilotalekuan, Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatutako Ikaspilota izeneko jardueran parte hartzera.
Joseba Lasarte, Tantirumairu ikastolako zuzendariak TTIPI-TTAPAri aipatu zionez, 70 bat neska-mutiko espero zituzten, baina osasun arazoen ondorioz, guttiago izan ziren. Lesakak Ikaspilota hartzen zuen lehenbiziko aldia izan zen, orain arte Beran eta Elizondon egin baita. Aipatzekoa da, bertzalde, herri kirolarekin eta arraunarekin lotutako topaketak ere egiten dituztela ikasturtean. Aldi honetan, baina, pilotaren txanda izan zen. Beroketak egin ondotik, pilotariak txokotan banatu eta topaketa egin zuten, txoko bakoitzean neska-mutikoei joku ezberdin bat proposatuz: batzuk eskuz aritu ziren, bertzeak palaz, plastikozko guanteekin, punttuan, xibarekin… Txoko bakoitzean 10-15 minutu jolasten ibili ondotik, txokoz aldatzen zuten.
Nafarroako Ikastolen Elkartetik eta Tantirumairu ikastolatik garbi utzi nahi izan dute Ikaspilotaren helburua ez dela txapelketa bat egitea edo pilotari onena zein den aukeratzea. Aitzitik, «helburu aberatsagoak» ditu: «pilotaz gozatzea, elkar ezagutzea, ikasleean arteko harremanak sortzea edo sendotzea eta azken finean, pilotaren aitzakiaz eta pilotaren inguruan kirolari bere garrantzia ematea».