Orain dela hilabete batzuk Correosek jakinarazi zuen baserrietako posta zerbitzua murriztu eginen zuela, orain dela urte batzuk saiatu zen bezala. Udalari postontzi kolektiboak jartzeko lekuak zehazteko eskatu zion banaketa baserriz-baserri egin ordez, multzoka egiteko.
Erabaki horren aitzinean, Udala bertze udalekin harremanetan paratu zen guztien artean asmo berri hori gibelera bota eta lehengo zerbitzua mantentzeko, posta baserriz baserri banatzekoa. Horretaz gain, sinadura bilketa egin zuten kaltetuen atxikimendua lortzeko.
Horrela, Etxalarko Udalak bertze sei herriren atxikimendua lortu du eta denak batera baserritarrek posta beren etxean jasotzeko eskubidea bermatu nahi dute. «Ez dugu nahi zerbitzua auzo sarreretan paratuko lituzketen buzoi kolektiboetara mugatzea», adierazi digu Patxiku Irisarri alkateak. Ea hala den.