Espainia osoan teknologia, informatika eta komunikazioaren inguruko 35 denda eta enpresa biltzen dituen NCS Informatica taldeak urteko kongresua egin zuen azaroaren 13an Etxalarko Bentan. Elkarteko kideak ez ezik, sektoreko hainbat enpresa gonbidatu zituzten kongresura: Microsoft, HP, Acer, LG, Tech Air eta Kingston, bertzeak bertze. Bertizko Partzuergo Turistikoak, Cederna-Garalurrek, eskualdeko udalek eta enpresaren bat edo bertzek ere parte hartu zuten kongresuan.
Partehartzaileen %80 inguru Madril, Katalunia eta Levante ingurutik etorri ziren eta Javier Ubiria antolatzaileak adierazi duenez, «puntako teknologia ekarri dute, baina zoritxarrez, mendialde honetan hagitz gibeleratuak gaude teknologikoki eta hemen ikusten diren gauzetako aunitz ezin dira aplikatu, erraterako, ADSLa ez dagoelako erabat hedatua».
Etorkizunean «arrail digital» hori moldatzen saiatzeko, Cederna-Garalur, Bertizko Partzuergoa eta inguruko udalak biltzen hastekoak direla aipatu digu Ubiriak eta Nafarroako Gobernuari Bidasoaldean inbertitzeko eskatu dio.