Etxalarko Usategietako sarezko ehiza bizirik

ttipi-ttapa 2009ko azaroaren 24a

Gerardo DANBORIENA Etxalarko usazaleen izenean.

Usazaleok, aurtengo uso ehiza sasoi honetan gertatutakoari buruz  ondorengo gogoetak adierazi nahi dizkizuegu:
Orain dela sei urte inguru arte usategietan usozaleen eta tirazaleen arteko elkarbizitza osasuntsua zen, elkar ongi ulertu eta errespetatzen genuen.
Azken urte hauetan aldiz, elkarbizitza gaiztotzen joan da. Alde batetik uso sasoirako usozaleek egiten zituzten zenbait prestaketa lan hondatuta agertzen hasi ziren, landatzen ziren arbolak hautsiak edo eta ateriak... Bertze aldetik, saretako ehiza mota honek beharrezkoak dituen arauen errespetu eza ere nabaritu dugu ( korneta jo baino lehen tiro egitea…).
Honek guztiak sareko ehiza inbaditu eta baldintzatu egin du, gure ezinegona areagotuz. Sareetan ari garenok babesik gabe sentitu gara, guttietsiak eta irainduak.
Hau guztia kudeatu behar duen Udalak ignoratu egin gaitu eta gorrarena egin du gure eskakizunen aitzinean.
Usategietak Etxalarrek duen ikurra da, herri hau bertzeen artean originala eta erakargarriagoa egiten duena. Kanpokoak aunitz dira usategiak direla eta ezagutzen gaituztenak, izan ere, 700 urte baino aunitzez gehiago baitira sareak ehizean ibiltzen direla. Azkarkik nahiko lukete horrelako altxor bat! Baina hemen hau guztia desagertzeko arriskuan jarri da, kudeatu behar duenak ez baitu ardura hori hartu.
Usategietak bizirik  eta era orekatuan jarraitu dezaten nahi dugu, guztiok kabitzen gara bertan, baina ez nolanahi. Ezinbertzekoa da legedia eta araudia betetzea, oinarrizkoa alderdiak elkar errespetatzea eta Udala, autoritatea bilakatuz, honetaz guztiaz jabetu eta arduraz lanean hastea, lehia politiko guztien gainetik. Inork ez bailuke ulertuko belaunaldiz belaunaldi hainbertze urteetan bizirik iraun duen ikuskizun hau desagertuko balitz.
Eskerrak eman guregana hurbildu, interesatu eta laguntzen saiatu zareten guztioi. Ziur gaude zuek ere sareak, usategietak, bizirik ikusi nahi dituzuela eta ziur gaude gure indarrak batuz gero, hori posible eginen dugula.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun