Aspaldikoa da gatzari erreferentzia egiten dion leku izena Elgorriagan, 1539rako, behinik behin, agertu baitzaigu dokumentu zaharretan gatza tokia adierazten duen Gesalaga toponimoa. Leku horretan eraiki zuten XX. mendearen erdialdera arte funtzionatu zuen bainuetxea eta orain dela egun gutxi inauguratu dute egin berria den eraikin moderno eta dotorea. Ur gaziaren kalitateari dagokionez, aipagarria da 1920an Mañeru doktoreak Madrilen argitara eman zuen Guía de los Baños Salinos de Elgorriaga izenburuko liburuxka. Espainiako eta, batik bat, mundu zabaleko bertze zenbait bainuetxetako uraren kalitatea konparatu ondotik, ondorioztatu zuen ez zela Elgorriagakoak baino mineralizazio handiagorik zuen urik. Dokumentu horrek berak dio Elgorriagan 1846an hasi zirela iturburu horretako gatza erdiesten ebaporazio prozesuaren bitartez. Baina noiz aurkitu zuten ur emari hori? Nor konturatu zen ur gaziaren iturburu horretaz? Nafarroako Artxibo Nagusian aurkitutako agiri pare bati esker, jakin dugu elgorriagarrak izan zirela aurkitu zutenak eta orain dela 172 urte ohartu zirela ur gaziko iturburu horretaz, 1837an hain zuzen ere. Hona hemen aurkikuntzaren inguruan izandako aferaren kontua: 1837ko maiatzean Joxe izeneko elgorriagar bat konturatu zen leku horretan ur gazia ateratzen zela, baina, hasiera batean, pentsatu omen zuen, iturburuaren ezaugarriak indusketa (eskabazio) baten bitartez ongi zehaztu arte, horren berririk inori ez ematea. Hasiera batean hala pentsatu bazuen ere, handik bi hilabetera (uztailean) bere konfiantzako bi lagunekin (Exteban eta Tomaxekin) hitz egiten ari zen batean, ezin egon nonbait, eta azkenean galdetu omen zien ea inoiz izan zuten inguru hartan ur gazia ematen zuen putzu edo iturriren baten berririk. Extebanek erantzun zion aditukatu zuela Zubietako erretoreak hango harri tartetik hartutako gatzarekin maneatzen zuela janaria. Zerbait bazekitela ikusita, Joxek bertara eraman eta iturburuaren leku zehatza erakutsi zien. Ikusitakoan, hirurak elkarrekin hitz egin eta isilpeko adostasun honetara iritsi ziren: uda aldeko lan garrantzitsuenak eta, batik bat, garia biltze eta jotze lanak akitzen zituztenean hasiko zirela iturburu hori aztertzen eta gatzarekin ateratzen ahal zuten etekina hirurena izanen zela. Iturburua herriko lurrean zegoela baldin bazekiten ere, pentsatu zuten aurkitzaile eskubideak izanen zituztela eta ondotik ateratzen ahal zuten ondasun eta etekinen jabe izanen zirela. Baina, handik gutxira, hiruretako batek, (Tomaxek), hitza jan zuen eta jabetza osoa bereganatu nahian, bertze biei deus ere erran gabe, Nafarroako ‘Real Junta Gubernativa’ erakundean eskari bat egin zuen. Instantzia horretan bere burua jotzen zuen ur gaziaren iturburuaren aurkitzaile eta, horren ondorioz, Juntari eskatu zion onartzeko bera zela, bai iturburuaren aurkitzaile, bai ur gaziaren esplotaziorako eskubideen jabe. Juntak instantzia aztertu ondotik, bertze inolako erabakirik hartu baino lehen, Elgorriagako herriari eskariaren berri eman zion eta alegazioak egiteko zortzi eguneko epea jarri. Herrian gaia tratatzeko egin zuten bileran, udalak –udal gisa– Tomaxek jarritako auziari aurre ez egitea erabaki zuen; baina, aldi berean, alegazioak egiteko prest zegoen edozeini baimena eta askatasuna ematea erabaki zuen, eta espresuki Joxeri aitortu zioten ahalmena eginbehar horretarako. Herritarrak hagitz seguru zeuden nonbait Joxe zela iturburuaren lehenbiziko eta benetako aurkitzailea. Alegazioak egiteko eman zitzaion babesa onartu eta Juntaren aitzinean argi utzi nahi izan zuen Joxek, bera izan zela iturburuaren lehendabiziko eta benetako aurkitzailea eta, gainera, adierazi zuen Tomaxek Juntari egin zion eskarian alegatutakoa funtsik gabekoa zela. Oraindik gehiago, Joxek zioen berak bakarrik aprobetxatzen ahal zuena bertze biekin batera partekatzeko erakutsitako konfiantza eta jarrera onari, erabat desleialki eta fede txarrez erantzun ziola Tomaxek. Horretaz gain, bere iritzia ere azaldu zuen erranez, halako meatze baten aurkikuntzan –gaztelaniazko testuan ‘mina de sal’ deitzen zaio–, eskubideak harrapatzen zuenarenak edo dagoen lurraren jabearenak izaten zirela. Beraz, kasu honetan Joxe berarenak edo Elgorriagako herriarenak, edota bienak. Ondorioz, eskubide horiek herriarenak ez izatekotan, bertze inori baino lehenago berari aitortu behar zitzaizkiola, bera izan zelako iturburu hori aurkitu zuen lehenbizikoa. Hau dena egiaztatzeko, aurkikuntzaren inguruan hasieratik izandako gorabeherak xeheki deskribatu zituen (gorago aipatu ditugunak). Bere alegazioak amaitzeko, Joxek nahitaezkotzat jo zuen ur gaziaren indusketa eta salmenta kontuetan Tomax erabat baztertua uztea eta, gainera, ordura arte egindako salmentetan atera zuena ere itzultzera behartzea. Bertzalde, eskatu zuen auziak irauten zuen bitartean, berari (Joxeri) aitortu behar zitzaiola iturburuaren jabetza, eta epe horretarako fidantza bat ere jartzeko prest agertu zen, betiere onartuz galtzaile ateraz gero, hartutako etekinak itzuli beharko zituela. Azkenik, auziaren erabaki-dekretua sinatu zen. Erabakiak zioen, alde batetik Tomaxen eskaria ez zela onartzen eta, bertzetik, Joxeri zegokiola iturburuaren esplotazioa eta salmenten etekina. Joxek erabaki hori ezagutu zuenean, aitortu zitzaizkion eskubideei betiko uko egin zien –berari eta bere ondorengoei tokatzen ahal zitzaien etekinen eskubideei, alegia–, eta herritar guztiekin bat egin nahi izan zuen herriaren aldeko eskubideen defentsan. Elgorriagako aginteek eta herritarrek bildurik, onartu zuten Joxek herriaren alde egindako proposamena, eta Tomaxen azken alegazioei aurre egiteko denak batera joatea erabaki zuten.