Nafarroako sokatira txapelketa larunbatean erabakiko da Elizondon

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 24a

Amaiurko mutilek 600 kiloko txapela seguru dute eta 640koa ere ez dute urrun. TTIPI TTAPA

Mutiletan, Amaiurrek kasik segurtatuak ditu bi txapelak eta emakumezkoetan berdinduak daude Amaiur eta Beti Gazte

Amaiurko tiralariak, bai gizasemeetan baita emakumezkoetan ere, nagusitu ziren joan den larunbatean Lesakan, Nafarroako zortzinakako goma gaineko sokatira txapelketaren bigarren jardunaldian.
Mutilen 640 kiloko kategorian Amaiurrek tiraldi guziak irabazi eta 3 puntu eskuratu zituen, Berriozarrek 2 eta Txantreak bakarra. 600 kilotan, berriz, Amaiur eta Berriozar bakarrik ari dira eta hemen ere baztandarrek irabazi zituzten tiraldi guziak, 2 puntu eskuratuz eta Berriozarrek bakarra. Honela, heldu den larunbatean, azaroaren 28an, Elizondoko kiroldegian 17:00etan jokatuko den azken saioaren esperoan, 600 kilotan txapeldun dira dagoeneko amaiurtarrak. 640 kilotan ofizialki oraindik ez, baina 6 puntu dituzte sailkapen orokorrean, Berriozarrek 4 eta Txantreak 2. Amaiurrek tiraldi guziak galdu beharko lituzke larunbatean (eta Berriozarrek denak irabazi), txapela Baztanen ez uzteko.

 

Amaiur eta Beti Gazte berdinduak emakumezkoetan

Mutiletan gauzak garbi xamar badaude, ez da horrelakorik emakumezkoen 500 kiloko kategorian. Arbizuko lehen saioan Lesakako Beti Gazteko neskak nagusitu ziren tiraldi guzietan eta Sakana eta Amaiurrek berdindu egin zuten. Honela, lesakarrak 4 punturekin eta bertze bi taldeak bina puntu terdirekin joan ziren Lesakako saiora. Hemen, aldiz, Amaiurko neskak nagusitu ziren tiraldi guzietan eta berdinketa Sakana eta Beti Gazteren artekoa izan zen. Berriozar tiraldi bakar bat ere irabazi gabe gelditu zen oraingoan ere. Honela, Amaiurrek 4 puntu, Sakana eta Beti Gaztek bina terdi eta Berriozarrek bakarra lortu zuten Lesakan.
Honek berdinketa ekarri du sailkapen orokorraren buruan, seina puntu terdi baitituzte Amaiur eta Beti Gaztek. Sakana 5 punturekin dago eta Berriozar, aukerarik gabe, 2 punturekin.
Beraz, emakumezkoen artean lehia handiagoa espero da da larunbatean Elizondoko kiroldegian. Ikusi behar txapela Baztanen gelditzen den edo Bortzirietara joaten den, Sakanak oraindik aukeraren bat baduela ahantzi gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun