Nafarroako Euskal Kantu txapelketaren finala egin zen larunbatean Elizondon

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 23a

Kantariak bikain ibili ziren, Lur dantzalekua bete zuten kantuzaleen gozamenerako. TTIPI TTAPA

Kantuzaleek gainezka bete zuten Lur dantzalekua

Nafarroako Euskal Kantu txapelketaren finala jokatu zen larunbat arratsaldean Elizondoko Lur diskotekan. Giro ederra izan zen, jendeak gainezka bete baitzuen dantzalekua.
Sariei dagokienezm sorkuntza lanaren lehenbiziko saria Auritzberriko Ainara Villanueva eta Edurne Erreak eskuratu zuten, “Nintzenaren erdia” kantuarekin. Maria Villanueka kitarrarekin, Mikel Laurentz perkusioarekin eta Edurne Errea baxuarekin aritu ziren. Bigarren saria Zaragozan sortu eta Arangurenen bizi den Maite Mené bakarlariak lortu zuen, “Ustekabean” kantuarekin. Ander Percaz lagun izan zuen kitarrarekin.
Era modernoan, lehen saria, Lekarozko Caliu-Hk (edo Bartzelonako Marta Perezek), Pedro Planillo kitarran lagun zuela, lortu zuen, “Ezeren truke” kantuarekin. Bigarren saria Zizur Nagusiko Zuriñe Hidalgok etxeratu zuen, Apurka taldearen “Ahoan geroa” kantuarengatik eta hirugarren saria, Leitzako Nahia Barriolak eraman zuen, Mikel Urdangarinen “Egun argian” kantuaren interpretazioarengatik. Oihane Calderon lagun izan zuen kitarrarekin, Garikoitz Etxeberria djenbean eta Zuriñe Goikoetxea pianoan.


Sari bereziak

Sari bereziak ere banatu zirem Lurren: Aurizberriko taldeari ahots jokoagatik; Iruñeko eta Narbontzeko Naia Lopez eta Sabina Igiñiz-i “a capella” ederragatik; Altsasuko Iaioak taldeari, hain zuzen talde lan onagatik; Tafallako Ananda eta Izai Larreak eszenatokian duten xarmagatik; Iker Ziak abestiari emandako indarragatik eta Berako Uxua Anduezak eta Alkotzeko Amaia Oiartzunek talde lan onagatik. Hauek Alaitz eta Maiderren “Hodei” kantua eskaini zuten, Asier Larrea akordeoian eta kitarran lagun zutela.

Txapelketako finalistak ez ezik, berriki “Mahai inguruko kantuak” argitaratu duen taldea ere Lur dantzalekuko eszenalekura igo zen eta giro ederra jarri zuten, jendea, erne aditzeaz gain, kantuz ere aritu baitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun