Arkupeak erretiratuen elkarteak urte akabilako besta egin zuen azaroaren 21ean Donezteben eta urteko balantzea egiteko eta heldu den urterako ekitaldien berri emateko ere aprobetxatu zuen. Ekitaldietan parte hartu zuten Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak, eta Maria Isabel Garcia Malo eta Begoña Sanzberro kontseilariek.
Eguneko egitaraua, Juan Antoni Aznarez, Ramon Apezetxea, Basilio Sarobe, Iñaki Lerga, Inaxio Azkoaga, Jesus Mari Sotil eta Mikel Biain apezek emandako mezarekin hasi zen. Hildako bazkide eta lagunen omenez egin zen meza eta oroitzapen berezia izan zen aurten hil den Jesus Goldaraz apezarentzat. Joxe Oronoz Arkupeak elkarteko diruzainak eta Eusebio Maritorena presidente ordeak lore-xorta eta Goldarazen sortetxearen argazkia eskaini zieten Juani bere arrebari eta Bittori eta Kontxi Zenoz bere ilobei. Bittor Elizagoien eta Pakita Mikelarena bertsolariek ere gogoan eduki zuten Goldaraz. Goizeko ospakizunetan izan zen Felipe Ganboa Arkupeak elkarteko presidentea ere, berriki ospitaletik ateri baita.
Segidan, 600 bat lagun bildu ziren kiroldegian egin zen bazkarian. Kadereitako Marisol jatetxeak eskainitako bazkalondoan, sariak zozketatu ziren, opariak banatu eta dantzaldia izan zen Jalisko Band taldearekin.