Nekazaritza eta Abeltzaintzako sektoreak inoiz bizi duen krisi larri honen aitzinean, EHNE-Nafarroa sindikatua motorrak berotzen hasi da eta ortziral honetan, azaroak 20, kontzentrazioak eginen ditu Nafarro osoan. Ekintza guztiak goizeko 11:00etan hasiko dira eta bi orduen buruan nekazari eta abeltzainek protesta eginen dute, jasaten dituzten ekoizteko kostu garestiek eta jatorrizko prezio baxuek nekazaritza errentan eragin duten murrizketa dela eta. Hain zuzen, Nafarroako nekazari eta abeltzainak zein herriko biztanleak honako herri hauetan kontzentratuko dira: Erribera aldean, Sartagudan, Kortes eta Fustiñanan, Iruñerrian berriz Torres de Elorz eta Urrotzen eta Lizarraldean berriz, Deierri eta Alloko kooperatibetan bilduko dira. Iparraldean, kontzentrazioa Irurtzungo Biaizpe gasolindegian izanen da, Albaitaritza parean eta bertan Larraun, Sakana, Basaburua eta inguruko jendea topatuko da. Pirinioetan Garraldako gurutzean izanen da eta Baztanen Baztandarra Kooperatiban.
ASAJA, UPA eta COAG Estatuko Nekazaritza erakundeek, larunbata honetarako, azaroak 21, Madrilen “Nekazaritza txirotzen ari da, mugitu” leloarekin deitu duten manifestazio deialdi bateratuarekin bat egitera deitzen du EHNEk. Horretarako, Nafarroatik zenbait autobus aterako dira Madrilerantz, beraz manifestazioarekin bat egin nahi duten eta bertan parte hartu, Iruñeako EHNEren egoitzara deitu dezakete, telefono zenbaki honetara: 948 25 48 41.
Langabezia gehiago eta inbertsio guttiago nekazaritzan
EHNEk, nekazaritza erakundeak, nekazaritza eta abeltzainak deitzen ditu, zein gainontzeko Nafarroako biztanleak sektoreak bizi duen krisiarekin elkartasuna adieraztea. Izan ere, datuek hitz egiten dute nekazaritzaren egoera gorriaz. Estatuan nekazaritzako errenta errealaren garapenak azaltzen duenez, azkeneko urteotan errentak %26ko murrizketa izan du, 124.000 lanpostuen galerarekin eta ekoizteko kostuen %34,3ko igoera izugarriarekin.
Nafarroan egoera berdintsua da: Berrikuntza, Enpresa eta Lan Departamentuak emandako datuen arabera, 2008ko lehenengo hiru hilabetetan nekazaritzan langabetuen kopurua 200 pertsonena zen. 2009. urtean kopurua hau 1.200 pertsonetara igo zen.
Sektoreka, abeltzaintzako baserriak galerak pilatzen ari dira azkeneko hiru urte hauetan, azpiegitura krisi batean murgildurik eta, gainera epe honetan eragileak ez dira aldatu (ekoizpen kostuak garestitzea, kanalen prezioen merkatzea, kontsumoaren jaitsiera…). Gainera, krisi orokorra larritzen ari da, esnetako gehien sektorea ere ukituz, iaz arte egoera estuari aurre egiten zioen sektoreak. Hain zuzen, esnearen jatorrizko prezioa %30ean murriztu da eta Nekazaritza Politika Bateratuaren batere itxaropentsuak ez diren aurreikuspenak daude, Nafarroan diren 270 baserriak amildegiaren ertzean jartzen dituena. Izan ere, egun esan dezakegu nekazaritzako sektore guziek krisia bizi dutela, zerealetik fruta eta barazki jardueretara (udako frutaren prezioak erortzea, zainzuriaren prezioaren 530 murrizketa…) ardoa eta olioa barne.
Sindikatuen eskariak
Egoera honen aurrean, COAG,ASAJA eta UPAk neurri zehatz batzuk eskatzen dituzte, aldarrikapen taula bildutakoak jarraian puntu nagusiak garatzen direnak:
1. Nekazaritzako produktuentzako prezio duinak eta nekazaritzako merkatuen erregulazioa.
2. Nekazaritzako lehenengo gaien prezioen gardentasun handiagoa ( ongarri, argindarra, gasolioa, fitosanitarioak, plastikoak, pentsuak eta abar) eta baserrientzako argindarraren arau mugatzaileen errebisioa.
3. Fiskalitate egoki baten alde: nekazaritzarako BEZA osagarria handitzea, nekazaritzako lehenengo gaien BEZA gutxitzea eta gasolio profesionala ezartzea.
4. Nekazaritzako sektorearen finantziazioa eta berfinantziaketa.
5. 20013. urtetik aurrera Nekazaritza Politika Bateratua bermatuagoa, bere aurrekontu eguneratuarekin.
6. Nekazaritzan oinarria izanen duen energia berriztagarriak benetan bultzatzea.
7. Nekazaritza eta abeltzaintzari babes ausarta, aldaketa klimatikoak ekarriko dituen ondorioetara egokitzeko.
8. Eskaintza kontzentratzeko eta kooperatibak osatzeko plangintza abian jartzea kooperatibismo eredu egokia eta lehiakorra izanen den eredua lortzeko.
Aurreikusten da Estatu osoko 100.000 nekazari eta abeltzain inguru agertuko direla datorren larunbatean, azaroak 21, Madrilgo manifestazioan. Manifestazioak baimen ofiziala du eta Alcalá eta Cibeles kaleen gurutzetik aterako da, Prado pasealekua igaroko du eta Atochan bukatuko da, Ingurumen, Landa Gune eta Itsasoko Ministerioaren egoitzaren aitzinean.