Floren Nazabalek pronostikoak bete eta bosgarren aldiz Nafarroako aizkolari txapelketa nagusia irabazi zuen ortziralean Donezteben. Etxarrikoak 27 minutu eta 34 segundu behar izan zituen lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko edo 72 ontzako mozteko. Bi minutu eta 4 segunduko aldea atera zion Donato Larretxeari (29:38) eta hiru minutukoa hirugarren izan zen Juanjo Lopez Azpilikuetari (30:35). Laugarren Antonio Senosiain izan zen eta Mikel Mindegiak ez zuen parte hartu, Tolosako apostutik oraindik errekuperatu gabe baitzegoen. Beraz, joan den urteko podium berbera errepikatu zen Nafarroako txapelketa nagusian. Azkeneko hiru txapelak segidan irabazi ditu Nazabalek eta aitzinetik, 2001 eta 2002koak irabazi zituen.
Donato Larretxea kontent zegoen egindako lanarekin, “baina Nazabali irabazteko aukera izateko %100ean egon beharko nuke. Lan erdietarako alde handia zuen eta banekien ezinezkoa izanen zela”.
Arpanlariak
Doneztebeko ferietako jaialdian bertze bi proba ere izan ziren. Nafarroako bigarren mailako arpanlari txapelketan, Beunzako Mikel Eugik eta Auzako Ander Iribarrenek aisa irabazi zioten Urrizolako Aritz Legarrea eta Iraizozko Jon Etxeberriari. Lehenengoek 13 minutu eta 16 segundu behar izan zituzten 45 ontzako enbir etzanari hamar korte eta zutik jarritakoari lau korte emateko. Bigarrenek, berriz, 20 minutu eta 53 segundu.
Juan Telletxea hirugarren mailara
Nafarroako aizkolarien bigarren maila mantentzeko kanporaketa ere jokatu zen eta David Amillano altsasuarrak erraz xamar menperatu zuen Juan Telletxea doneztebarra. Beraz, Doneztebekoa jautsiko da hirugarren mailara.q