Irailean zertxobait beheiti egin bazuen ere, urrian berriz ere goiti egin du Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emandako langabeen kopuruak, udako kopurua gaindituz. Zehazki %4,26 igo da langabezia eskualdean, 915 lagunetik 954ra. Doneztebeko INEMen bidez, 313 kontratu egin ziren urrian, eta horietatik 46 bertzerik ez ziren mugagabeak izan. Adina eta sexuari dagokionez, modu ezberdinean somatu da langabeziaren igoera, baina adin-tarte guzietan igo egin da. 25 urtez goitiko gizasemeetan 413tik 421era igo da, adin horretako emakumeen artean, berriz, 388tik 400era. 25 urtez beheitiko gizasemeetan 70etik 85era egin du goiti langabe kopuruak eta emakumeetan, 43tik 48ra. Lan arlotan, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin, langabe gehien, eta urrian goiti egin du. Irail hondarrean 486 langabe zeuden arlo horretan eta urrian 507. Industrian, aldiz, bortz lagun guttiago daude langabezian, 246. Eraikuntzan, 14 lagun gehiago, 135; nekazaritzan bortz lagunetan goiti egin du langabeziak, eta 21 dira. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean, 4 lagunetan goiti egin du langabe kopuruak eta 45 ziren urri hondarrean.