Ongi egindako lanak bere fruituak ematen ditu, eta Errekako judoka nesken egunerokoa emaitzetan ikusten da. Orain aurredenboraldian daude, baina euren indar guztiak erabiliz emaitza onekin hasi dira. Irailean eta urrian entrenamendu eta txapelketetan ibili dira: Irungo San Martzial nazioarteko torneoa, Kioshi Kobayashi Kopa Lisboan... Eta urrezko bi domin, zilarrezko bertze bi eta bosgarren postu bat eskuratu dituzte. Duela bi asteburu, berriz, Gironan izan ziren Frantzia, Valentzia eta Kataluniako judokekin entrenatzen. Lerro hauek idazterakoan, Errekako kirolaria den eta 52 kiloz beheitikoen mailan ari den Nieva Larraia Suediara joatekoa zen. Gainerakoek, Ariane Casal (78 kilo), Noelia Ariztia (63 kilo), Amaia Lopez (63 kilo) eta Sandra Averok (57 kilo), alegia, egunero bezala, entrenatzen segitzen dute Iruñeko zentru espezializatu batean eta agerikoa da merezi duela. Frantzia aldera entrenatzera joateko asmoa dutela adierazi digute.
Entrenatzaile titulua ateratzeko 26 lagun apuntatuak
Heldu den denboralditik aitzinera derrigorrezkoa izanen da entrenatzaile guztiek titulua izatea, eta horretarako ikastaro bat egin beharko da. Eta erabaki horrek eragina izanen du Erreka Kirol Elkartean. Horregatik ikastaroa egiteko deialdia luzatu zuen, interesatuek izena eman zezaten. Bada, harrera ona izan du eta 26 pertsonek eman dute izena, denak ere herritarrak edo inguruko herrietakoak. Oraindik ez dago zehaztua ikastaroa non izanen den, baina seguraski Donezteben edo Elizondon eginen da. Hori Nafarroako Federazioan erabakiko dute.
Eguberrietako zozketa
Aitzineko urteetan bezala, Eguberrietako saski ederra osatu dute Erreka Kirol Elkarteko kideek. Zozketaren eguna, ordua eta tokia ere zehaztu dituzte dagoeneko: abenduaren 19an eginen da, 13:00 etan Elkartearen egoitzan. Zozketarako boletoak ere salgai paratu dituzte dagoeneko.Denetarik duen saskia izanen da aurtengoa ere: mendi bizikleta, mikro-uhin labea, telebista LTDrekin, zuku-makina, sandwichak egitekoa, turroiak, urdaiazpikoa, ardoa, likoreak... eta bertze hainbat gauza izanen ditu.
Eguberritako saskia elkartearentzat hagitz garrantzitsua izaten da, urte osoan antolatzen dituen ekimenak finantzatzeko diru-iturri nagusienetakoa baita.