Malerrekan ere Euskaraz Bai dinamikarekin lanean hasi dira. Konpromiso hori hartu zuten Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek eta Malerrekako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuko zinegotzia den Joseba Indaberek azaroaren 5ean Herriko Etxean egindako sinadura-ekitaldian. Bide hori euskalgintzaren lankidetzan eginen dela azaldu zuten.
Euskararen normalizazioa bizkortzeko herritarren atxikimendua, entitateek urrats eraginkorrak ematea eta instituzioen eta euskalgintzako erakundeen arteko elkarlanaren garrantziaz mintzatu zen Mendiguren. Indaberek, bere aldetik, Euskaraz bai dinamika martxan jartzearen arrazoia azaldu zuen: «Mankomunitateko Euskara Batzordetik euskararen alde zerbait gehiago egin zitekeela ohartu ginen eta nahi eta gogo horrek eraman gaitu Euskaraz bai dinamika abian jartzera».