Joseba Indabere Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordeko burua da. Batzorde honetan Malerrekako zinegotziak eta euskalgintzako hainbat ordezkari biltzen dira euskararen alde aritzeko. Esku artean dituzten egitasmoan artean, Euskaraz Bai dinamika dago. Berriki paratu dute martxan, eta horri eta Malerrekan euskararen alde egiteko dagoen beharraz mintzatu da Indabere. Bide batez, elkarlanerako deia ere luzatu die herritarrei.
Mankomunitatearen eskutik etorri da, beraz, Malerrekan EUSKARAZ BAI dinamika martxan jartzeko asmoa, zergatik ikusi duzue beharra?
Zonalde euskalduna da izatez Malerreka, baina, euskarari dagokionez badugu zer hobetua. Batzordetik euskararen alde zerbait gehiago egin zitekeela ohartu ginen. Baina lanak atzeratu egin zaizkigu euskara teknikaririk gabe egon garelako urtebetez. Orain berriz martxan da Euskara Zerbitzua eta teknikariaz gain, dinamizatzailea ere hemen da. Lanerako nahiak eta gogoak eraman gaitu Euskaraz Bai dinamikara. Gure inguruko eskualdeetan martxan da proiektu hau (Leitzaldean, Baztanen eta Bortzirietan), eta ahaleginak bere fruituak eman dituela erakutsi digute. Euskararen erabilera bultzatzeko tresna egokia da hortaz, dinamika hau. Eta tresna erraten dugunean horixe da dinamika hau, ibilbide honetan lanabesa bertzerik ez, lana guk egin behar dugulako, denon artean: biztanleek, Herriko Etxeek, erakundeek, saltokiek…
Dena den, dinamika hau ez da hemen bukatzen, ez da bi hilabetetako kontua, ezta?
Ez, ez da gauza puntuala. Eta hori azpimarratu nahi genuke, hau ez da kanpaina bat, epe luzeko proiektua baizik. Eta zentzu horretan etorkizunean ere jarraipena izatea nahi genuke. Horregatik aipatu dut arestian guztion laguntza eta borondatea gustura hartuko ditugula, Euskara Batzordeko ateak irekiak daude edozeinentzat. Gonbitea egin nahi genieke gurekin lanean hasi diren herritarrei (guraso elkarte, irakasle, kultur talde, gazte talde, euskaltegi, jubilatu, kirol elkarte….) hemendik aitzinera ere luzaroan elkarlanean aritzeko euskararen alde.
Zertan sumatuko dugu EUSKARAZ BAI dinamikaren eragina?
Udazken honetan euskararen aldeko giroa pizteko hainbat ekimen eginen ditugu: Euskaraz Bai kartelak jarri karrika eta udaletxetan erraterako. Horiek Euskararen aldeko lehenbiziko urratsak baina honen ondotik bertze fase bat etorriko da, euskararen erabilera sendotzen lagunduko duen fasea. Bere egunerokotasunetik ematen ahal dituzten pausuak ematera gonbidatu nahi ditugu herritarrak, erakundeak, elkarteak edo dendak. Gauza xinpleak eginez hasi gaitezke: eguneroko harremana euskaraz izaten, kartelak, seinaleak edo oharrak euskaraz paratuz,… egindako ahalegina ongietorria izanen da; euskararen aldeko jarrera eta konpromisoa hartuz normalizaziorako bidea aunitz erraztuko dugulakoa denon artean.
Besta egun bat ere antolatzen ari zarete abendurako, EUSKARAZ BAI eguna, ze ekitaldi izanen dira?
Arratsaldean hasiko da besta. Lehenbizi haurrendako txokoa prestatu dugu, marrazki tailerra eta antzerki emanaldia izanen da eta iluntzerako Euskaraz Bairen aurkezpen ekitaldia. Egun polita izanen da, herritar guztiak gonbidatuta zaudete. Besta eguna ailegatu baino lehen, ordea, izanen dugu elkarrekin lan egiteko aukera. Eta momentu hau probestuz Euskara Batzordearen bilerak gogoratu nahi nituzke: Batzordea hilero biltzen da eta ateak idekiak daude denendako, parte hartu nahi duen guztia ongietorria izanen da. Animatu!