Pello Apezetxearen liburuak herriko dendetan daude salgai

Joseba eta Nerea 2009ko azaroaren 16a

Pello Apezetxeak jendearen arreta bereganatu zuen egin berri dituen liburuen aurkezpenean. TTIPI TTAPA

Arrakasta handiz joan dira Etxalarko Kultur Egunak

Kontent agertu dira Euskara Batzordeko antolatzaileak aurtengo Kultur Egunek izan duten martxarekin. «Jende aunitzek parte hartu du eta ekitaldiekin asmatu dugu», erran dute. Aurten hiru astez luzatu da kultur-zikloa.


Urri erdialdean hau­rrentzako pelikula eta Marimendi emakume taldearen aurkezpena izan ziren eta bietan jende bizkorki elkartu zen. Hu­rren­go astean txistu-kontzertu pedagogikoa eskaini zuen Irungo txistulari Bandak eta joan den urteko arrakasta erre­pikatu zuen. Ekitaldi guztien barrenean, Iruñe­ko Muthiko Alaiak fanfa­rreak eskaini zuen ikuski­zuna izan zen jendearen interesa gehien piztu zuena. Emanaldi berezia izan zen, musika irudiarekin lotuz, euskal dantzak eta abesti herrikoiak nahastu zituena. Muxikoak, ezpata dantza, Euskal He­rrian Euskaraz eta Baratze bat, denak elkartu zituzten ordu bat inguru iraun zuen emanaldi goxo eta berezian.


Azkeneko urteetako ohiturari segituz, bertso­-afari eta desafioak itxi zituen Kultur Egunak. Lesakako hiru bertsolari, Iñigo Olaetxea Makuko, Joxe Juan Zubieta Etxa­be eta Josu San­jurjo Irungo bertze hiruren kon­tra aritu ziren. Esti­txu Arozena izan zen gai-jartzailea eta bertso­lariek haren ariketa bereziei erantzun behar izan zieten. Bertzeak bertze, jende ezagunen argazkiekin asmakizunetan aritu ziren eta Gran Hermano berezian sartu ziren ber­tso­lari guztiak. Giroak eta umore onak ez zuen hu­tsik egin. Irune eta Itxa­so Elizagoien trikitilariek ere parte hartu zuten. Publikoak erabakitakoaren arabera, Irungo bertsolariak izan ziren irabazle.

Pello Apezetxearen bi liburuak
Kultur Egunen barne egindako ekitaldien artean, herriko apezak emandako hitzaldia nabarmendu behar da. 40 lagunetik goiti elkartu ziren Kultur Etxean Pello Apezetxeak argitaratu dituen bi liburuen aurkez­penean. Hi­tzal­di interesgarri eta landua eskaini zuen Apezetxeak, irudi eta testuen laguntzaz. Jendearen arreta piztu zuen eta Kultur Etxea tanpetaraino bete zen.


Orain herri­ko bi dendetan paratu ditu salgai liburuak: Etxa­larko etxeen izenak eta Etxalarren historiako zenbait jakin­ga­rri. Gure herriko ondare kultural eta historikoaren al­txo­rrak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun