Mikel Mindegia Ezkurrako aizkolari handiak ez du parte hartuko Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finalean, ortziral arratsaldean Donezteben. Asteazkenean Nafarroako Herri Kirol Federaziora deitu zuen, joan den igandean Tolosan Larretxearen kontra jokatutako apustutik errekuperatu gabe dagoela eta gerrietatik ez dela ongi aurkitzen erranez. Medikuaren agiria ere eramanen omen du ortziral arratsaldeko hitzordura. Beraz, lau aizkolari ariko dira. Etxarri Aranazko Floren Nazabal, Arantzako Donato Larretxea, Lezaungo Juan Jose Lopez eta Olagueko Antonio Senosiain. Ohiko lana izanen dute finalean, kanporaketaren bikoitza: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko edo 72 ontzako moztu beharko dituzte.
Nafarroako final nagusiaren aitzinetik, hirugarren mailara ez jausteko kanporaketa jokatuko dute Juan Telletxea doneztebarrak eta David Amillano altsasuarrak. Bi kanaerdiko eta 60 ontzako enbor bat moztuko dute. Nafarroako bigarren mailako arpanlari txapelketa ere jokatuko dute bi bikotek: Beunzako Mikel Eugi eta Auzako Ander Iribarren alde batetik eta Urrizolako Aritz Legarrea eta Iraizozko Jon Etxeberria bertzetik. Bikote bakoitzak 45 ontzako enborrari hamar korte etzanda eta lau zutik eman beharko dizkio.