Espainia osoan, teknologia, informatika eta komunikazioaren inguruko 35 denda eta enpresa biltzen dituen NCS Informatica taldeak urteko kongresua egin du azaroaren 13an Etxalarko Bentan.
Elkarteko kideak ez ezik, sektoreko hainbat enpresa gonbidatuak daude kongresu honetara: Microsoft, HP, Acer, LG, Conceptronics, SMC, Sage SP, Sage Eurowin, GTI, Esprinet, Oki, Prosegur, Voz y datos, Grupo Inec, Infoself, Tech Air eta Kingston, bertzeak bertze. Beraikin batera, Bertizko Partzuergo Turistikoa, Cederna-Garalur, eskualdeko udalak eta enpresaren bat edo bertze ere izanen dira informatika munduko profesionalei zuzendutako kongresu honetan parte hartuko dutenak.
Mendialdea teknologikoki gibeleratua gelditu dela dio Javier Ubiriak
Lehen aldia da gisa honetako ekitaldi bat hartzen duela gure eskualdeak. Kongresuko partehartzaileen %80 inguru Madril, Katalunia eta Levante ingurutik etorri da eta Javier Ubiria antolatzaileak adierazi duenez, “punta-puntako teknologia ekarri dute, baina zoritxarrez, mendialde honetan hagitz gibeleratuak gaude teknologikoki eta hemen ikusten diren gauzetako aunitz ezin dira aplikatu, errate baterako, ADSLa ez dagoelako erabat hedatua”. Alde horretatik, etorkizunean “arrail digital” hori moldatzen saiatzeko, Cederna-Garalur, Bertizko Partzuergoa eta inguruko udalak biltzen hastekoak direla jakinarazi du Ubiriak eta Nafarroako Gobernuari Bidasoaldean inbertitzeko eskatu dio.
Informatika eta teknologiaren sektoreak ere krisia hurbiletik somatzen duela aipatu du. Javier Ubiriaren erranetan, “hardware delakoak, hau da, tresnak (ordenagailuak, inpresorak…) ez du dirurik uzten. Horien osagarriek eta batez ere mantenimendu zerbitzuak, aholkularitza lanak uzten du irabaziak. Guk ezin diegu izugarrizko eskaintzak egiten dituzten denda handiei konpetentziarik egin, beti tresna merkeagoak izanen dituzte, bainba guri bezeroak ezagutzen gaitu, arazo bat duenean badaki nora jo eta hori da gure dendei balio erantsia ematen diena”.