Espainia osoan, teknologia, informatika eta komunikazioaren inguruko 35 denda eta enpresa biltzen dituen NCS Informatica taldeak urteko kongresua eginen du azaroaren 13an, ortziralean, Etxalarko Bentan.
Elkarteko kideak ez ezik, sektoreko hainbat enpresa gonbidatuak daude kongresu honetara: Microsoft, HP, Acer, LG, Conceptronics, SMC, Sage SP, Sage Eurowin, GTI, Esprinet, Oki, Prosegur, Voz y datos, Grupo Inec, Infoself, Tech Air eta Kingston, bertzeak bertze. Beraikin batera, Bertizko Partzuergo Turistikoa, Cederna-Garalur, eskualdeko udalak eta enpresaren bat edo bertze ere izanen dira informatika munduko profesionalei zuzendutako kongresu honetan parte hartuko dutenak.
Lehen aldia da gisa honetako ekitaldi bat hartzen duela gure eskualdeak. Kongresuko partehartzaileen %80 inguru Madril, Katalunia eta Levante ingurutik etorriko da eta Javier Ubiria antolatzaileak adierazi duenez, “gure bailarak eta aberastasunak ezagutzera emateko baliagarria” izanen da. Aldi berean, “etorkizunean jarduera teknologikoa indartzen hasteko” balioko duela uste du Ubiriak.
Goizeko 10:30ak aldera irekiko ditu ateak kongresuak eta eguerdian prentsaurrekoa ere eskainiko da.