Bidasoaldeko udazkeneko feria tradizionalen artean bigarrena azaroaren 13an eginen da Donezteben. Goizean, Merkatuko Plaza inguruan aziendak ikusteko eta, zergatik, erosteko aukera ere izanen da, urtez urte hutsik egiten ez duten tratante familien lanari esker. Egia da lehen baino azienda buru guttiago ikusten dela, seguruenik guttiago saltzen delako, baina behietan batez ere, buru ederrak ikus daitezke oraindik. Aparkalekuan, nekazaritzako tresna berrienen erakusketa izanen da, marka handiko saltzaileen eskutik. Eta Doneztebeko karriketan barneratuz gero, nola ez, xoko guzietan paratuko diren postuetan erosketak egiten ahalko dira: arropa, oinetakoak, sukaldeko tresnak eta bertze hainbat gauzaren artean, gasnak, ogia, eztia, baratxuriak, kontserbak eta gisako elikagaiak erosteko modua izanen da. Zubietako talogileek ere ez dute hutsik eginen.
Nafarroako aizkolari txapelketa nagusia, hirugarren mailarako jautsiera kanporaketa eta bigarren mailako arpana txapelketa
Dagoeneko ohikoa da Doneztebeko ferietako bazkalondoko herri kirol saioa. Azken urteetan hainbat txapelketa erabaki dira saio honetan, baina azken bortz urteetan ez zen Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finalik jokatu. Aurten bai, halaxe antolatu du Nafarroako Herri Kirol Federazioak. 17:30ean hasiko den jaialdia Nafarroako bigarren mailako arpanlari txapelketarekin abiatuko da. Bi bikote ariko dira: Beunzako Mikel Eugi eta Ander Iribarren alde batetik eta Urrizolako Aritz Legarrea eta Iraizozko Jon Etxeberria bertzetik. Bikote bakoitzak 45 ontzako enborrari hamar korte etzanda eta lau zutik eman beharko dizkio. Segidan, aizkolarien txanda izanen da. Lehenik, Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketan jaitsiera kanporaketa jokatuko dute Altsasuko David Amillanok eta Doneztebeko Juan Telletxeak. Joan den ekainaren 27an Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren lkanporaketa jokatu zen, baina David Amillanok ez zuen parte hartu min hartuta zegoelako. Kanporaketako azken bi sailkatuak, Xabier Ariztegi etxalartarra eta Juan Telletxea izan ziren. Hasiera batean bi hauek maila galtzen zuten, baina Doneztebekoak jaitsiera kanporaketa jokatzea eskatu zuen. Bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu beharko dituzte Telletxeak eta Amillanok.
Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finalean, berriz, Etxarri Aranazko Floren Nazabal, Arantzako Donato Larretxea, Lezaungo Juan Jose Lopez, Ezkurrako Mikel Mindegia eta Olagueko Antonio Senosiain, hurrenkera horretan lortu baitzuten finalerako txartela urriaren 4ean Etxarri Aranazen. Ohiko lana izanen dute finalean, kanporaketaren bikoitza: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko edo 72 ontzako moztu beharko dituzte. Nazabal izanen da faborito eta ikusi egin beharko da Larretxeak eta Mindegiak Tolosako apustuaren ondotik zer gogo eta sasoi puntturekin plazaratzen diren.
Sarreraren prezioa 15 eurokoa izanen da.