Iarmendiko eskopeta ehiza arautzea eta legea betearaztea ez dela beraien ardura adierazi dute Etxalarko usazaleek

Aitor AROTZENA 2009ko azaroaren 11

Usategietako igandean pankarta bidez egin zuten bezalaxe, orain ere errespetua eskatzen dute usazaleek. TTIPI TTAPA

Berriz ere errespetua eskatu dute eta Udalak "arduraz jokatzea"

Eskopetako ohiko ehiztariek egindako adierazpenei eta agertu diren informazioei zenbait puntualizazio egin nahi izan dizkiote sare bidez ehizatzen duen usazale taldeak. Usazaleek adierazi dutenez, “ez da gure ardura Iarmendiko eskopeta ehiza arautzen duten legeak eta arauak ez idaztea ez betearaztea ere, hori Administrazioak bakarrik egiten ahal duen lana da, Udalak, Nafarroako Gobernuak…”. Usazaleek egiten duten lana Etxalarko Udalak ekonomikoki errentabilizatzen duela diote, “sare inguruetan sortutako postuak subastatuz eta hori beti lagundu dugu eta lagunduko dugu, etxalartarrak garelakoz eta denontzat mesedegarria delakoz”. Postu horietako batzuk kendu egin dira, “baina ez Udalak erabakita, batzuk ulertarazi nahi duten bezala, segurtasun arauak betetzen ez dituztelako eta legez behartuak izan direlako baizik”.
Usazaleei harrigarria iruditzen zaie Miguel Mari Irigoienek, Etxalarko eskopeta ehiztarien elkarteko presidenteak eta bozeramaleak lege horiek ez ezagutzea eta ehiza postuak egoera irregularrean zeudela ez jakitea, 1987 urtetik 2005era herriko alkatea izan dela kontuan hartuz. Galdera batzuk ere luzatu dizkiote Miguel Mari Irigoien-i: “Zure kandidatura bereko Irisarri jaunak gidatzen duen Udalak onartutako Plan Zinegetikoan postuen koordenadak edo Nafarroako Gobernuaren ebazpena bezalako datu garrantzitsuak falta direla ba al zenekien? Zuk edo eskopeta ehiztarien kolektiboko inork ez al zekien, ezta susmorik ttikiena ere, postu hauek legez kanpokoak zirela?

Usazaleek errespetua eskatu dute berriz ere, “egia erratea, Udalak arduraz jokatzea Etxalarko herriak usategietaz gozatzen segitu ahal izateko eta guri ez dagozkigun ardurak gure gain ez jartzea”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun