Euskararen alde lan egiteko berriz ere biltzen hasi da Malerrekako euskalgintza

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 10a

Malerrekako euskalgintza berriz ere gogotsu hasi da biltzen. Urriaren 29an egin zuten lehen bilera. TTIPI TTAPA

Hurrengo bilera azaroaren 12an, ortzegun arratsaldean izanen dute Donezteben

Ortzegun arratsaldean Malerrekako Euskalgintza berriz ere biltzen hasi da eta Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordeari bultzada berri eman eman nahi zaio. Joan den urriaren 29an bildu ziren Mankomunitatean Doneztebeko San Migel eskolako Ikasketa burua, eskolako zein Mendaur Institutuko guraso elkarteak, Euskaltegia, Ibintza kultur Taldea, Burrunba Gazte taldea, norbanako euskaltzaleak eta hainbat udaletako zinegotziak (Sunbilla, Ituren, Zubieta, Bertizarana, Donamaria). Udaletako Zinegotziak Euskara Batzordeko kide dira eta eta euskararen aldeko lanean oso jarrera aktiboa dute. Doneztebeko ordezkaria ere partaidea da baina bilera honetara ezin izan zuen etorri. Beraiekin batera, euskara teknikaria, Euskaraz Bai egitasmoko dinamizatzailea eta Kontseiluko ordezkari bat ere izan ziren.
 
 
Azaroaren 12an hurrengo bilera, 19:30ean Malerrekako Mankomunitatean

Euskara Batzordeak euskararen alde lan egitea du helburu. Bertatik etorri zen esaterako, Malerrekan Euskaraz Bai Dinamika martxan jartzeko eskaera eta hain zuzen joan den astean Donezteben egindako sinadura ekitaldiarekin abiatu zen.
Batzordea hilero biltzen da eta hurrengo bilera ortzegun honetan izanen da, azaroaren 12an, iluntzeko 19:30ean Malerrekako Mankomunitatean.
Euskara Batzordeak herritarrei, euskaltzaleei eta lanerako gogoa duen edonori gonbidapen zabala egiten dio, batzordeko ateak irekiak baitaude edozeinentzat.
Ibilbidea eta elkarlana hemen hasten da Dinamikarekin eta Batzordeak antolatzen dituen bilerekin. Baina bide honek epe luzean segi behar du eta etorkizunean ere jarraipena izan behar du batzordekideen arabera. Izan ere, Euskaraz Bai dinamika ez baita kanpaina bat, luzera begirako proiektua baizik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun