Donato Larretxea nagusitu zitzaion Mikel Mindegiari Tolosako apustuan

TTIPI TTAPA 2009ko aza. 9a, 14:06

Donato kontent zegoen apostua irabazita eta Nafarroako finalean Nazabal estutzen saiatuko dela adierazi zuen. Fermin ETXEKOLONEA

Arantzakoak ordubete eta 21 minutu behar izan zituen hogei 60 ontzakoak mozteko eta Ezkurrakoak lau minutu terdi gehiago

 

Biak kontent egindako lanarekin

Donato Larretxea hagitz kontent zegoen saioa akautzean, garaipen handia lortu baitzuen. Apustua berak nahi bezala joan zela onartu zuen, “nire erritmoa jarri dut hasieratik, eta aurretik jarri naiz. Hori beti garrantzitsua izaten da, indarra ematen baitu”.
Apustua irabazita lan erdietan ikusi zuela ere aipatu zuen: «Hor alde handia kendu diot, eta irabazita ikusi dut. Banekien zerbait pasatzen ez bazitzaidan irabaziko nuela», erran zuen. Mindegiarentzat ere hitz onak izan zituen. «Uste dut berak ere lan handia egin duela. Duen adina ikusita, denbora bikaina egin du», aitortu zuen.
Hurrengo erronka datorren ostiralean izango du Nafarroako finalean, eta han ere zerbait egiten saiatuko dela iragarri zuen. «Hemendik ortziralera bitarte ez daukagu errekuperatzeko tarte handirik, baina sasoi onean nago, eta saiatuko naiz Nazabal estutzen», adierazi zuen.
Mindegia, berriz, galtzeak ematen duen tristurarekin zegoen, baina egindakoarekin gustura agertu zen. «Nire lehen helburua etxeko lana egitea zen, eta hori egin dudala uste dut. 100 minuturen bueltan lanak akitzea pentsatzen nuen, eta hamabost minutu gutxiagotan amaitu ditut, eta uste dut oso lan ona egin dudala. Aurrean, ordea, Larretxea nuen, eta bera hobea izan da», onartu zuen.
Atzokoa bere azkeneko apustua zela ere aipatu zuen: «Apustua galdu izanaren tristurarekin honelakoak esaten dira, baina jadanik 60 urte ditut, eta ez dut uste merezi duenik. Lehen ere nahikoa erakutsi dudala uste dut, eta hau azkena izango da».

 

Apostu gehiago
Igandekoak animatuta edo, bertze bi aposturen berri ere izan da aizkora munduan.
Batetik, Joxemari Mendizabal 62 urteko beteranoak bota zuen. Adunakoa bi 80 ontzako etzanda eta bi kanako zutik jarrita mozteko prest dago. Mindegiari bi minutuko aldea eskatzen dio, eta bertzeei, adinean duten diferentziaren arabera, urte bakoitzeko minutu erdia. Abenduaren 5ean Tolosako Kantabriko tabernan egonen da, norbaitek erantzun nahi badio.
Bertze aldetik, Ander Erasun aurtiztarrak desafioa bita dio Aizpururi. Aurtizkoak apustu hau egin nahi du: lehenengo 16 kanaerdiko aizkoran, eta ondoren, 8 kilometro korrika zezen-plazan, garai batean egiten zen moduan. Nuarbetarrak erantzun nahi badio, larunbat honetan, azaraoren 14an, Kantabriko tabernan egonen da 19:00etatik 20:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun