Etxalarko Usategietan eskopetakin ehizean aritzen diren 70 bat ehiztari bildu ziren larunbat goizean Etxalarko frontoian, udalak bortz postu kendu dituela eta beraien arrenkura adierazteko. Ehiztarien arabera, “usazaleen grebak ez gaitu ezustean harrapatu, joan den urtean ere aukera hori azaldu baitzuten udalarekin egindako bilera batean”, eta usazaleen azkeneko helburua “ehiztariak paretik kentzea eta Iarmendiren gaineko monopolioa bere gain hartzea” dela uste dute.
Bortz postu horiek kentzeko, postu baten eta bertzearen artean 50 metroko distantzia ezartzen duen Plan Zinegetiko delakoa ez dela betetzen argudiatu dute Ingurumen Departamentutik eta horri erantzunez, Miguel Mari Irigoien ehiztari eta Etxalarko alkate ohiak aipatu zuenez, “Parlamentuan norbaitek galde egin beharko lioke Begoña Sanzberrori, ea zer gertatzen den Urkiagan adibidez, 30 metrora dauden postuetan diputatuak eta guzi hari baitira ehizian, Etxalarren neurriak estu-estu betetzea eskatzen duten bitartean”.
Gogoratu behar da denboraldia hasi bezperan hesi funtzioa betetzen zuten zazpi zuhaitz moztuta agertu ziren eta ehiztariek diotenez, “postu hauek ibiltzeagatik 4.900 euro ordaindu ondotik, ez du inolako zentzurik zuhaitz hauen mozketaren atzean gu gaudela sinestarazi nahi izateak, guziz gain guk erabiltzen ditugun postu horiek usazaleen helburu jakina direla jakinda”.
Usazaleek postuetako ehiztariei ahal den hainbat kalte eragiteko darabiltzen estrategia dela uste dute, baina ez da ekintza bakarra: “Aurten 3 eta 4 sareetako postuak –diote ehiztariek– hutsik gelditu dira udalak ez duelako ehiza biltzea zailtzen duen iratzea moztu nahi izan eta usazaleek sare hauen aitzinean legez kanpo egindako arbol landaketa bat ere ez dute kendu. Honengatik, Etxalarko udalak azkenengo bi urtetako subastetan postu hoiengatik 7.500 euro gehi zergak jasotzeko aukera galdu du”.
Usazaleen egoeraz ere kexu azaldu ziren ehiztariak, “ez baitute zergarik ordaintzen, ez dute ehizarako lizentziarik, ezta usoak saltzeko baimenik ere”.
Kontrola hartzeko eskaria Etxalarko udalari
Gertakari guzti hauen ondorioz, ehiztariek Usategietako ehiza eremu guziaren gainko kontrola har dezala eskatu diote Etxalarko udalari, eta talde desberdinek parte hartzen duten eremu bat antolatzeko orduan bere autoritatea aplika dezan. Beraien ustez, “onartezina da alde batetik subasta bat antolatzea eta bertze aldetik saldutako postuetan ehiza eskubidea bermatzeko gauza ez izatea”. Bilera bat ere eskatuko diote Udalari, “zazpi urtez bilera hori eskatzen ari gara” eta hurrengo pasa egunean sareen aitzinean paratuko direla ere iragarri dute.
Etxalarko Usategiak, “Iarmendiren gaineko monopolioa nahi duten sare-ehiztariak baino aunitz gehiago” direla uste dute eskopeta ehiztariek eta “bere jokaera zakarrarekin Etxalarko herriari kalte nabarmena eragiten ari diote. Kalte ekonomikoaz gain, usategien izen ona hondatzen eta herritarren arteko erlazioak modu onartezinean bortxatzen ari dira” ehiztarien idatziaren arabera.