60 urteko Ezkurrako semea eta 49 urteko Arantzako semea aurrez aurre. Egungo aizkolaririk onenetakoak. Azaroaren 8an, eguerdiko 12:00etan Tolosako zezen-plazan egin dute hitzordua. Aizkora-apustua jokatuko baitute egun horretan. Apiril akaberan bota zuen desafioa Miel Mindegiak, eta maiatzaren 2an Tolosako Kantabriko ostatuan zain egonen zela erran zuen. Apustuaren baldintzak ere berak zehaztu zituen: azaroan jokatzea, alde bakoitzak 12.000 euro jokatzea, 60 ontzako 20 enbor ebakitzea eta guztiak, gainera, Mindegiak berak eraman eta paratzea.
Badirudi igandeko apusturako egur gogorrak hautatu dituela Mikel Mindegiak eta lanean ordu terditik goiti aritu beharko dira bi protagonistak seguruenik.
Hirugarren apostua
Elkarren kontra lehen ere ibiliak dira apustuetan Mindegia eta Larretxea. 1986an 12 oinbikotara jokatu zuten, eta Ezkurrakoa nagusitu zen. 1989an, berriz, 40 kanaerdikotara jokatu zuten, eta aranztarra izan zen garaile. Duela bi urte ere jokatzekotan egon ziren, baina beteranoak sorbaldan lesio bat izan eta bertan behera utzi zuten. Azaroaren 8koa, beraz, euren hirugarren lehia izanen da, banako berdinketa hausteko aurrez-aurrekoa.